Udal-administrazioa egituratzeko osoko bilkura egin da

Herenegun, uztailak 11, Amurrioko Udalbatzak ez ohiko osoko bilkura egin zuen, hurrengo lau urteei begira udal-administrazioa antolatzeko modua finkatze aldera. Halaber, osoko bilkuren maiztasuna, Tokiko Gobernu Batzordearen osaketa eta udal-korporazioko kideen dietak eta ordainsariak ezarri zituzten.

EAJren udal-taldeak, alkatetza duen alderdia den aldetik, hainbat proposamen aurkeztu zituen, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko. Proposamen guztiak aurrera atera ziren.

Herenegun, uztailak 11, Amurrioko Udalbatzak ez ohiko osoko bilkura egin zuen, hurrengo lau urteei begira udal-administrazioa antolatzeko modua finkatze aldera. Halaber, osoko bilkuren maiztasuna, Tokiko Gobernu Batzordearen osaketa eta udal-korporazioko kideen dietak eta ordainsariak ezarri zituzten.

EAJren udal-taldeak, alkatetza duen alderdia den aldetik, hainbat proposamen aurkeztu zituen, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko. Proposamen guztiak aurrera atera ziren.

Hasteko, Udalbatzaren osoko bilkuren maiztasunez eta ordutegiez mintzatu ziren. EAJk proposatu zuen osoko bilkurak bi hilean behin egitea, dagokion hileko azken ostegunean eta arratsaldeko 19:00etan. EAJko zinegotziek (7) alde bozkatu zuten, PSE-EE (1) eta PP (2) abstenitu ziren eta Bilduk (7) aurkako botoa eman zuen. Horiek horrela, alkatearen kalitatezko botoari esker, proposamena aurrera atera zen. Oposizioko alderdi nagusiak, Bilduk, adierazi zuen osoko bilkurak hilean behin, gutxienez, egin beharko liratekeela, Udaleko organo nagusia dela argudiatuta.

Bigarren puntuan, Tokiko Gobernu Batzordearen osaketa eztabaidatu zuten. EAJk egindako proposamenaren arabera, Tokiko Gobernu Batzordea astean behin bilduko da eta honako kide hauek izango ditu: EAJko 3 ordezkari eta Bilduko, PPko eta PSE-EE ordezkari bana. EAJk eta PPk puntu horren alde bozkatu zuten, eta Bildu eta PSE-EE, aldiz, abstenitu ziren. Bilduko bozeramailearen iritziz, proportzio hori ez da bidezkoa, eta ez du herriaren borondatea islatzen. Haren ustez, EAJk eta Bilduk bina ordezkari izan beharko lituzkete eta PPk eta PSE-EEk bana. Izan ere, onartutako ordezkaritzarekin, EAJk gehiengoa bermatzen du organo horretan.

Hirugarrenik, Udalaren egitura finkatu zen. Udala hiru arlo nagusitan egituratuko da, eta horien barruan 7 batzorde informatibo eratuko dira. Hona hemen:

 

1.arloa: Alkatetza eta Berrikuntza Demokratikoa

            - Euskara eta Funtzio Publikoa

            -Administrazio Batzordeak, Auzoak eta Berrikuntza Demokratikoa

 

2.arloa: Lurralde Politikak eta Ekonomia

            -Lurralde Politikak

            -Politika Ekonomikoak

 

3.arloa: Gizarte eta Kultura Politikak

            -Gizarte Ekintza

            -Kultura Politikak

            -Hezkuntza, Kirola eta Osasuna

EAJk eta PPk egitura horren alde bozkatu zuten, Bilduk kontra, eta PSE-EE abstenitu zen. Aurkako botoa azaltzeko, Bilduko bozeramaileak esan zuen haiek gainerako alderdiekin eta udal-teknikariekin biltzeko ahalegina egin dutela, udala guztien artean eraiki eta antolatu behar dela iritzita, baina EAJk ez duela horren inguruan eztabaidatzeko asmorik adierazi.

Bestalde, Udalbatzaren osoko bilkuraren hainbat eskumen Tokiko Gobernu Batzordeari eskuordetzeari dagokionez, beste behin, EAJk eta PPk alde bozkatu zuten, Bilduk aurka, eta PSE-EE abstenitu zen. Bilduren esanetan, erabaki hori herriaren borondatearen aurka doa, Udalbatzaren osoko bilkura baita hauteskundeen emaitza hobekien islatzen duen organoa. Horregatik, hari eskumenak kendu beharrean, organo hori indartu eta eskumen gehiago ezarri behar zaizkio.

 Korporazioko kideen ordainsariak eta dietak ere onartu ziren. EAJk eta PPk alde bozkatu zuten, Bilduk kontra eta PSE-EE abstenitu zen. Hona hemen zenbatekoak:

Zinegotzi bakoitzak kobratuko duena honako organo hauetako bileretara bertaratzeagatik:

Tokiko Gobernu Batzarrean: 211, 14 euro

Batzorde informatiboan, batzordeburua izan gabe: 131,75 euro

Batzorde informatiboan, batzordeburu gisa: 457,56

Udalbatzaren osoko bilkuran: 131, 75 euro

Halaber, alkateak, Josune Irabienek, erabateko dedikazioan jardungo du, eta 63.223 euroko soldata izango du urtean. Alkateorde Javier Bitorikak, berriz, lanaldiaren %85ean jardungo du, eta 40.305 euroko soldata jasoko du urtean.

Bestalde, udal-talde bakoitzak 600 euro jasoko ditu hilean, eta duen zinegotzi bakoitzeko beste 185 euro, bere lana aurrera eramateko materiala eta azpiegiturak ordain ditzan.

Azkenik, talde guztien adostasunaz, Juanjo Yarritu izendatu zuten Amurrioko ordezkari Gorobel Mendilerroko Erkidegoko Batzarra delakorako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide