Aiara Batuz-herrien alde lan egiten lelopean, Aiarako zenbait lagunek herri-plataforma sortu dute, datorren maiatzaren 22ko udal-hauteskundeetara aurkezteko.
Hainbat eremu eta pentsamoldetakoak badira ere, "Aiararen alde lan egiteak batzen" ditu. "Duela hilabete batzuk batzeari ekin" zioten, "herritarren eta udaletxearen arteko komunikazio ezagatik" kezkatuta. "Ideologia politikoa alde batera utzita", udalerria beste modu batean kudeatu nahi dute, "ideia onei eta gehienentzat egokia denari lehentasuna emanez". Bizi-kalitatea eta ingurumenaren kalitatea hobetzea da haien helburua, betiere, naturaren eta landa-ingurune iraunkorraren arteko oreka zainduz. Halaber, Aiaragatik eta haren alde lan egingo dute, "Batzar Administratiboek izan beharko luketen garrantzia" berreskura dezaten.
Herri-plataforma bi tokitan aurkeztuko dute: batetik, Luiaondon, Aiarako herri handiena delako eta, bestetik, Arespalditzan, bertan baitago udaletxea. Luiaondoko aurkezpena sozial aretoan izango da hurrengo ostiralean, martxoak 18, 19:30an. Arespalditzakoa, berriz, igandean, martxoak 20, 12:30ean eta udaletxean bertan.
Herri-plataforma hau ez da hurrengo udal-hauteskundeetara geure eskualdean aurkeztuko den bakarra. Izan ere, Laudion, Orozkon, Okondon eta Artziniegan plataforma edo herri-elkarte bana sortu da. Omnia, Adie, Okondo Bai eta Artziniega Bai dira, hurrenez hurren.