Egungo legegintzaldia amaitzear dago eta Aiaraldeak ez du hondakin geldoak uzteko zabortegirik. Aiarako Kuadrillako lehendakari Javier Bitorikaren esanetan, eskualdean sortzen diren mota horretako hondakinak beste udalerrietara eraman behar dira edo, bestela, partikularrekin hitzarmenak lotu, euren lurretan utzi ahal izateko. Egoera horrek, antza, kontrolik gabeko zabortegi ilegalak ugaritzea eragin du.
Arabako Foru Aldundiak txostena idatzi du dagoeneko eskualde-mailako zabortegiaren kokaleku egokienaren gainean; proiektuak, baina, urtebete darama geldirik. Txostenean hiru kokaleku aztertu ziren: Acenorren hondakindegi zaharra, Larrabeko zabortegia eta Aiarako udalerria. Txostenaren arabera, Amurrioko Larrabe auzoa da aukera gehien dituen kokalekua. Behin betiko erabakia hartzen denean, Foru Aldundiak ordainduko ditu aukeratutako tokia gaitzeak dakartzan kostuak. Antza, lurrak biltzeko tokia ere atonduko dute.