Aiara Batuz herri-plataformak atzo aurkeztu zuen Luiaondon bere hauteskunde-programa, eta aiaraldea.com han izan zen, plataformaren proposamenak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Hitzordua 19:30ean zen, Luiaondoko Sozialeko aretoan, eta aurkezle-lanetan Iratxe Parro, zerrendaburua, eta Iraida Saenz de Lafuente aritu ziren. Llantenoko eta Menoioko administrazio-batzarretako lehendakariak dira, hurrenez hurren, eta, horregatik, hurbiletik ezagutzen dituzte Aiara osatzen duten administrazio-batzarretako beharrak eta premiak. Hain zuzen, hori nabarmendu nahi izan zuten aurkezpenean, administrazio-egitura horien garrantzia.
Haien aburuz, orain arte komunikazio-falta egon da udalaren eta administrazio-batzarren artean, eta administrazio-batzarrek ez dute udal-informazio guztia jaso. Aiara Batuz-ek egoera hori aldatu nahi du, eta konpromisoa, ilusioa, komunikazio, lana eta gardentasuna oinarri dituen programa aurkeztu du. Haien ustez, alderdien interesen ordez, ideiei eman behar zaie lehentasuna.
Udalak herritar guztien ideiak eta ekarpenak entzun behar ditu, eta horretarako kontzejuen sistema aprobetxatu behar du. Zehaztu zuten kontzeju guztien arteko bilerak beharrezkoak direla, denon premia eta beharrizanei modu koordinatuagoan erantzun ahal izateko. Halaber, kontzejuei laguntza teknikoa eta pertsonala eman behar zaiela azaldu zuten, burokrazia-kontuekin laguntzeko. Hitz batean, aurrera eraman behar duten lana (ura, argindarra...) erraztu behar die Udalak.
Sarrera horren ostean arlo bakoitzeko proposamenen berri eman zuten. Hona hemen adierazgarrienak:
Ekonomia eta ingurumenari dagokionez, lehen sektorea bultzatu nahi dutela esan zuten, Aiarako izaeraren ispilu delako, baina industria eta kalitatezko turismoa ahaztu gabe. Haien esanetan, lehen sektorea eta ingurumena uztartzen asmatzea da gakoa. Horretarako, ezinbesteko deritzote teknikari kualifikatu bat kontratatzeari. Halaber, Murgako industriagunean eskualde-hiltegia jartzea proposatu zuten.
Komunikazioen eta zerbitzuen arloan, berriz, garraio publikoen ordutegiak zabaldu nahi dituzte, eta herri txikienetako garraio-aukerak hobetu.
Kultura eta aisiari dagokienez, liburutegia jarri nahi dute Luiaondon, eta erabilera anitzeko aretoa Arespalditzan. Halaber, udal-idazkiak elebitan ager daitezen bultzatuko dute, eta herritarren elkarteak bultzatuko dituzte, Aiarako bizitza sozialerako funtsezkoak direla iritzita.
Hirigintzari dagokionez, herri txikietan etxe zaharrak birgaitzeko erraztasunak eman nahi dituzte, eta herri handiagoetan, berriz, zerbitzuak eta dendak bultzatu. Neurri horien helburua bertako gazteak Aiaran gera daitezen lortzea da.
Azkenik azpimarratu nahi izan zuten ez direla oposizioa izango, guztiekin lan egingo dutela, eta herritarren iritzia kontuan hartu behar dela.
Bestalde, esan ziguten herenegun Arespalditzan egitekoa zen aurkezpena bertan behera utzi zutela Lorcako lurrikararen biktimei elkartasuna adierazte aldera, eta, aurkezpen hori hurrengo ostegunean, maiatzak 19, egingo dutela, 18:00etan.
Aurkezpenak ordubete iraun zuen, eta amaieran bertaratutakook mokadutxo bat jateko eta hautagaiekin hitz egiteko aukera izan genuen.