Arabako Foru Aldundiak duela astebete hasi zituen Landaburu kalea konpontzeko lanak. Epaitegiaren aurreko espaloietan hesiak jarri dituzte, bai eta San Jose auzoko sarreran ere, garai bateko kuartela zegoen tokian.
Landaburu kaleatik A-625 errepidea igarotzen zen, baina saihesbidea egin zutenetik ibilgailu astunen trafikoa nabarmen murriztu da.
Zehazki, kale horretako 760 metro konponduko dituzte, San Joseko eta elizako biribilguneen artean dagoen zatia, hain zuzen. Epaitegiaren ondoan glorieta bat eraikiko da, trafikoa parkearen atzetik igarotzen den kale berrira bideratzeko. Bestalde, kalearen albo batean lineako aparkalekua jarriko da, 6,2 metro zabal diren espaloiak eta bidegorria.
Landaburu kalea konpontzeko lanak martxoan esleitu zitzaizkion Copalsa enpresari, eta 1,7 milioiko kostua izango dute. Arabako Foru Aldundiko Toki Administrazioko Sailak eta Herrilan eta Garraio Sailak batera finantzatuko dituzte lanak.