Amurrio Arku Kirol Taldeak XXIII. San Prudentzio Saria antolatu zuen iragan igandean, apirilak 17, klubak Goikomendin duen ibilbidean. Lehenengo aldia da Amurrioko taldeak sari hori antolatzen duela. Hainbat kategoriatako parte-hartzaileak izan ziren: absolutua, kadeteak, haurrak, kimuak eta benjaminak.
Basoko 3D modalitatean aritu behar izan zuten, long bow, biribildua, klasikoa, mekanikoa eta librea mailetan. Ibilbideak 20 diana zituen. Txapelketa 10:00etan hasi zen, baina parte-hartzaileak 09:30 aldera hasi ziren beroketa-lanak egiten eta materiala prestatzen.
Jardunaldi arrakastatsua izan zen, eta hainbat tokitako arkulariak gerturatu ziren Goikomendira, hala Euskal Herri osokoak nola Euskal Herritik kanpokoak.
Amurrio Arku Kirol Taldeak 19 urte daramatza arku-tiroa sustatzen geure eskualdean. Askorentzat kirol ezezaguna bada ere, harrobia egon badagoela adierazi dute, eta zaletasuna gero eta handiagoa dela Aiaraldean.