Bañueta kiroldegiaren kudeaketa zeresan handia pizten ari da Amurrioko Udalean ordezkaritza duten alderdien artean. Herenegun Ezker Abertzalearen iritziaren berri izan genuen aiaraldea.com-en.
Oraingoan EAJk gai horren gainean duen iritziaren berri emango dizuegu. Bidalitako prentsa oharraren arabera, Eusko Alkartasuneko gobernu-taldeak gaia Udalbatzaren Osoko Bilkuran eztabaidatu beharrean, Tokiko Gobernu Batzarrean egin du. Haien iritziz, gobernu-taldeak bazekien Osoko Bilkuran ez zela onartuko bost urteko luzapena ematea egun kiroldegiaren kudeaketaz arduratzen den enpresari, eta horregatik jo dute Tokiko Gobernu Batzarrera. Batzar horretan, baina, ez daude udal-talde guztiak ordezkatuta (Ezker Abertzalea esaterako), eta horregatik Eusko Alkartasunarentzat nahikoa izan dira bere bi ordezkarien botoak eta Alderdi Popularraren ordezkariaren botoa esleipenaren luzapenari buruzko erabakia onartzeko. Jokabide horren bidez, EAJren iritziz, Amurriorentzat berebiziko garrantzia duen gai bati buruz eztabaidatzeari uko egiten ari zaio.
Prentsa-oharrean gaineratu dute enpresa horrek 10 urte daramatzala kiroldegia kudeatzen, eta denbora horretan diru-galera handiak izan dituztela. Halaber, Udalak kontratuko baldintza-orreitan jaso ez diren zenbait abantaila eman omen dizkio enpresa horri, besteak beste: matrikulak izena emateko unean kobratzea, eskola-izaerako ikastaro jakin batzuk kobratzea, uraren prezioan %95eko deskontua egita eta abar. Amaitzeko, EAJk adierazi du zerbitzua hobetu ahal izateko beste proposamen batzuk -jasangarriagoak eta modernoagoak- ezagutzeko aukera galtzea tamalgarria dela.