Aztarna Etnografia Elkarteak iragan larunbatean jarri zuen abian bere webgunean (www.aztarna.es) museo birtualaren proiektua.
Reforreko eraikinean etnografia museoa atontzeko jatorrizko ekimena bertan behera geratu da momentuz, krisi ekonomikoak eragindako finantzaketa-falta dela medio. Horregatik, Aztarna elkarteak bildutako piezak sarean ikusgai jartzea erabaki du.
Felix Murga zena hasi zen baserriz baserri iraganeko bizimodu eta ohituren berri ematen diguten piezak biltzen, eta egun 5.000tik gora dituzte. Piezak museo birtual batean biltzeko ideia Aztarnaren funtsak katalogatzeko modua dela azaldu digu Aitor Aldamak, proiektuaren arduradunak. Piezak alderrai ibili dira azken urteetan, toki batetik bestera, eta batzuk hondatu edo galdu dira. Egoera negargarri horri nolabaiteko irtenbidea emateko asmoz sortu da, beraz, museo birtuala. Dena den, Aztarnak hasierako helburuari eusten dio, hau da, Reforrean museoa jartzeko asmoari.
Aitor Aldamak 32 argazki ateratzen dizkio pieza bakoitzari, eta, horrela, webgunean, angelu guztietatik ikus daiteke. Argazkiarekin batera, piezaren deskribapena, erabilera, nork eman duen eta zer urtetan bildu den azaltzen da. Dagoeneko ehun bat piezaren argazkiak ikus daitezke, hainbat arlotakoak: nekazaritzakoak, ehizakoak, medikuntzakoak, apaingarriak...
Etorkizunean Felix Murgaren zeramika-bilduma ere sarean ikusgai jartzeko asmoa omen dute. Bilduma hori Udaltzaingoaren ondoko lokalean dago, erabat utzita eta hautsez estalita, eta Amurrioko Udalak ez du ondare garrantzitsu hori ezagutzera emateko inolako ekimenik abiarazi. Halaber, antzinako argazkien bilduma ere katalogatzen ari da Aztarna, etorkizunean bere webgunean erakusteko.