Aiarako Kuadrillak euskarazko hitzaldi-tertulia antolatu du Okondoko Señorio de Astobiza txakolindegian biharko, osteguna, 19:00etan. Athleticeko jokalari Jon Aurtenetxek eta Ander Iturraspek hartuko dute parte.
“Euskararen bidean” izenburupean Aritz Gallastegi kirol-kazetari ezagunak gidatuko duen hitzaldi-tertulian, bi gonbidatuek euskararekin duten harremanaren hainbat ikuspegiri buruz hitz egingo dute
Okondoko tertulia Aiarako Kuadrillak euskara sustatzeko abiarazi duen ekimen zabalago baten bigarren saioa da. Lehenengo saioa, hain zuzen, Luiaondon egin zuten abenduaren 10ean, herriko Sozialean, eta Koikili Lertxundik euskararekin duen harremana azaldu, eta geure hizkuntza erabiltzearen aldeko mezua helarazi zien bertaratutako 50 bat ume eta gaztetxori.
Ekimen horren helburua da haurrak eta gazteak euskararen erabileraren gainean sentsibilizatzea. Horretarako, erakutsi nahi zaie hainbeste miresten dituzten pertsona ezagun askok normaltasun osoz erabiltzen dutela euskara eguneroko bizitzan. Halaber, saioan zehar eurekin hitz egiteko eta galderak egiteko aukera ematen zaie.
Ekimena gaztetxo eta umeei zuzenduta badago ere, interesa duen oro gonbidatzen dute hitzaldi-tertulian parte hartzera.