Liburuak Las mujeres rurales alavesas a través de sus recetas du izena, eta Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkarteak (UAGA) argitaratu du. UAGA sindikatuak hainbat kafe-tertulia eta errezetak berreskuratzeko ikastaro antolatu ditu urtean zehar, eta errezeta-liburua lan-saio horien emaitza da.
Ikastaroak Laura Muñoz sukaldariak, Trebiñuko Torre herriko Urgora jatetxeko jabeak, eman ditu, eta bera arduratu da errezetei ikuspegi berritzailea eman eta liburua atontzeaz.
Mota horretako ekimenen bidez, emakumeen lana goraipatu eta aitortu nahi da sindikatuaren barruan. Era berean, hurbileko kalitatezko produktuen kontsumo arduratsua bultzatu nahi da, errezeta guztiak bertako produktuekin, eta garaian garaikoekin, eginak dira-eta.
Errezeta-liburua Uagalur dendetan eros daiteke, 5 eurotan. Dena den, 10 eurotik gorako gastua egiten duten bezeroei liburua oparitu egingo zaie. Uagalurren bi dendak Gasteizen daude —Simon Bolivar kaleko 14. zenbakian, bata, eta Gasteizko Plaza de Abastos azokan, bestea—, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-produktuak saltzen dituzte, bitartekaririk gabe.
Ekimenean Arabako eskualde guztietako ehun bat emakumek partu dute. Aiararen kasuan, UAGAk sei sukaldaritza-saio antolatu ditu Menagaraiko San Pedro elizako lokalean. Gure eskualdeko emakumeek Arabako beste txoko batzuetako errezetak ikasi dituzte, eta eurek ere beren ekarpena egin dute: kuiazko tostadak.
Kuiazko tostadak
Osagaiak:
500 gr kuia (kalabaza)
Kanela-zotz erdia
3 arrautza
4 koilarakada handi azukre
4 koilarakada handi irin
Baso erdi anis
Koilarakadatxo bat Royal
Olioa
Prestaketa:
Kuia zatitu eta kanelarekin batera egosi. Ondo egosi eta gero, indarrez estutu behar da, ura kentzeko, eta, ondoren, xukatzen utzi. Arrautzak, azukrea eta anisa ondo irabiatu eta kuiarekin nahastu. Gero, irina bota behar da, pixkanaka-pixkanaka, eta dena ondo nahastu. Royala gehitu. Zartagin batean olioa bota, eta oso bero ez dagoela, koilaraz nahasketaren pilotatxoak hartu eta zartaginean botako ditugu. Frijitzen hasten direnean, opiltxo itxura hartuko dute. Ongi txigortuta daudenean, tostadak atera eta platerean utziko ditugu. Azkenik, glacé azukrea botako diegu gainetik.