Aiara Dantza Taldeak urriko lehenengo asteburuan helduko dio entsegu- eta eskolen-denboraldi berriari. Dantzari txikienen entseguak ostiraletan izango dira, bi taldetan banatuta: 18:00etatik 19:00etara, bata, eta 19:00etatik 20:00etara, bestea. Helduek, berriz, 20:00etatik aurrera entseatuko dute. Larunbatetan ere entseguak daude: 10:30etik 11:30era haurrentzat, eta 11:30etik 13:00etara helduentzat. Taldean izena eman nahi duen oro Reforreko kirol-instalazioetako gimnasiora joan daiteke urriaren lehenengo hamabostaldian zehar, aipatutako ordutegian. Argazkia eta kontu-korrontearen zenbakia eraman behar ditu. Bost urtetik aurrerako lagunek eman dezakete izena, eta ez dago adin-mugarik. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 610 901 985.
Bestalde, dantza-ikastaro herrikoia ere eskaintzen du Aiara Dantza Taldeak. Duela hamar urte baino gehiago hasi ziren ikastaro hori ematen. Eskolak larunbatetan dira, Reforreko gimnasioan, eguerdiko 13:00etan hasi eta 14:30era arte. Ikastaroa mundu guztiari irekita dago, eta dohainik da.