Mendez mendeko tradizioari jarraituz, Aiara eta Burgos arteko mugarriak berrikusiko dituzte larunbatean, irailaren 11n. Berrikusketa bost urtean behin egiten da, eta haren xedea da mugarriek dagokien tokian jarraitzen dutela egiaztatzea.
1573. urtean Valladolideko Errege Kantzilertza delakoak bi herrialdeen arteko muga ezarri zuen, eta orduz geroztik polemikak eta liskarrak egon dira Gorobelgo mugarriekin.
Ekitaldian honako hauek parte hartzen dute: batetik, Aiarako Udalak, Gorobelgo Ermandadea delakoaren ordezkariek (Amurrio, Lezama, Okondo...) eta Larruazabaleko Batzarrak (Belandia, Mendeika, Lendoñogoiti eta Lendeñobeiti), eta, bestetik, Burgosetik, Valle de Losa eta Villalba de Losako udalerriek eta SEPRONAk (Natura Babesteko Guardia Zibilaren Zerbitzua). Arabako Foru Aldundiko kartografia-teknikariak han izaten dira. Halaber, artzainek joateko ohitura dute, ingurua hobekien ezagutzen dutenak direlako eta, azken batean, mugarrien kontu horrek haiei zuzenean eragiten dielako. Izan ere, artzainak dira mendiko baliabideen ustiatzaile nagusiak. Mendizaleek ere parte hartzen dute, autoritateek egiten duten ibilbidea osatuz.
Ekitaldia goizeko 8etan hasiko da, Añes gainean dagoen “Pasada Mala” txokoan. Han, Aiarako Udaleko ordezkariek inguru horretako mugarriak berrikusiko dituzte. Hitzordu nagusia, baina, 9etarako dago jarrita, Mojón Alto deritzon mugarri ezagunean, Mendiko Lagunak Taldearen aterpetik gertu. Bi talde egingo dira: batzuk Mojón Altotik Txarlazorantz joango dira, Bizkaiko muga berrikusteko, eta besteak Tologorri alderantz, eta Anguloraino, Aiarako mugarriak kontrolatzeko. Amaitzeko, ordu biak aldera, Aiarako Udaleko idazkariak eguneko akta egingo du Kobatan.
Esan bezala, mendia atsegin duen herritar oro joan daiteke mugarrien ibilbidea egitera. Aitzakia polita Gorobel hobeto ezagutzeko, eta oso ezaguna ez den ekitaldi bat bertatik bertara bizitzeko.