Lurreratzeko, uste dut beharrezkoa dugula hezkuntzaren definizio xume bat egitea. Balore batzuen baitan pertsonak hezteko tresna da hezkuntza. Horiek erabaki politikoen bidez ebazten dira, beraz, boterea dutenen nahimenaren arabera zehazten dira. Zapaltzen gaituzten estatuetan, helburu neoliberal eta merkantilistek gidatzen dute hezkuntza sistema. Ikasleak gara lehenengo pertsonan hezkuntzan ematen diren zapalkuntzak pairatzen ditugunak. Hortaz, ikasle mugimendua hezkuntza ereduaren berformulaziorako tresna aktiboa da, uneoro hau zalantzan jarri eta eguneratzeko proposamenak egiteko gaitasuna daukana.
Horretarako ezinbestekoa da txikitik eragitea, beti ere gure jarduna ikuspegi nazionalean kokatuz. Hezkuntza ereduaren zapalkuntza eta gabeziak ikasle guztiontzat komunak dira eta gainera, gure herrian ezaugarri espezifikoak hartzen dituzte, hezkuntzari dagokionez herri bezala ere zapaltzen gaituztelako. Horregatik, jardun politiko indibidualak ez digu balio. Gure buruen jabe izateko herri bezala erantzun behar dugu, kolektiboan. Ondorioz, ikuspegi nazionalak denok norabide berean lan egitea ahalbidetzen digu. Aldi berean, hezkuntzaren garapena ikasgelan ematen da, hau baita ikasleok batzen gaituen espazio naturala. Hortaz, ikastetxea da zapalketekin harreman zuzena daukagun lekua, eta era berean, gure egitekoa da heziguneetatik bertatik inposaketa guzti horiei aurre egitea. Zapalketa horiek, ordea, modu ezberdinean pairatzen ditugu tokian toki, baina ezin dugu zalantzan jarri, lekuko errealitate eta ikasleen problematiken gainean eraikitako borrokak izan arren, helburu berbera dutela.
Herri zapaldua garen heinean, euskal hezkuntza eredua soilik eraikiko dugu Espainiar eta Frantziar estatuetatik kanpo. Baina ez dugu garaipenaren egunera arte itxaron behar gure eredua borrokatzeko. Horregatik, Euskal Herriko ikasle mugimenduaren historia motxilan sartuta aurrera pausuak ematea dagokigu. Ikastetxez ikastetxe, tokian tokiko problematikak landuz joango gara gurea eraikitzen, beti ere ikuspegi nazionala kontuan hartuz. Eta ezin aipatu gabe utzi ezinbestekotzat dugula euskal curriculuma osatzea, herritik eta herriarentzat sortua eta ikasleak erdigunean jarriko dituena. Horrela lortuko dugu inposatutako hezkuntza eredu kapitalista heteropatriarkalean arrakalak sortzea eta euskal hezkuntza eredu burujabea eraikitzea.
Pozgarria da maila lokalean borrokan eta Euskal Herrian saretuta dagoen mugimendu berri bat ikustea, pausoz-pauso bidean aurrera goaz. Iraultzarako sua bilakatuko diren txinparta txikiak izango direlakoan, indarra izan eta eman gure hezkuntzari!
Artikulu hau Topatu.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta plazaratu dugu hemen.