Sistemaren engranaje guztian hezkuntza beste pieza bat baino ez da, baina ez edozein pieza. Sistemak bere biziraupenerako ezinbestekoa du ahalik eta azkarren indibiduo otzan eta produktiboak ekoiztea. Horretarako, ikaskuntza prozesuan gauden bitartean mesede egiten dizkioten baloreak jasotzen ditugu, gutxinaka-gutxinaka gure erraietan finkatuz doazenak. Txiki egiten gaituzte, burua makurtzera behartuz eta irribarrea lapurtuz. Horregatik diogu ezinbestekoa dela amesgaizto honetatik esnatu eta antolatzea, zapalkuntzak kolektibizatu eta isilik nahi gaituztenen aurrean ozen oihukatzea.
Ikasleok ez gaude prest sistemaren sostenguan parte hartzeko eta bestelako eredu sozio-produktibo batean kabida izango lukeen hezkuntza ereduaren eraikuntzan urratsak ematea gaurdanik egin daiteke. Indibidualismoa sustatzen duen espazioaren antolaketa birpentsatu eta gorputz zein identitate anitzen elkarbizitza bultzatuz, ikasteko beharrezkoak ditugun baliabideak denontzat eskuragarri izatea bermatuz, pedagogia eredua termino kapitalistetatik aldendu eta ikasleon beharrak erdigunera ekarriz. Ikaslea bere heziketa prozesuko protagonista bilakatu eta ikasle subjektuaren aitortza eginez, ikastetxeko horma zurrunen bestaldean dagoen ingurunearekin harremana bermatuz. Eta, nola ez, Euskal Herritik bertatik gure erabaki propioak hartuz.
Ezin aipatu gabe utzi hezkuntza sistemak generoen arteko bereizketan jokatzen duen papera, biolentzia birproduzitzen duen beste egitura bat izanik. Txikitatik emakume eta gizon etiketak inposatzen dizkigute, lehenengoei biktima papera ezarri eta beldurtuta bizitzera kondenatuz. Horren adibide dira komun bereiztuak, liburuetan agertzen diren gorputz normatiboak, inposatzen dizkiguten erreferenteak, txikitatik ezartzen dizkiguten rol ezberdinak, patioaren antolaketa eta abar luze bat. Euskal Herriko neska* gazteek azaroaren 25aren harira egindako irakurketarekin bat eginez, barruan dugun amorrua kolektiboki antolatu eta indarra bihurtu behar dugu hezkuntzan ere, zapalkuntzekin hautsi eta bizitzak erdigunera ekartzeko.
Guzti honengatik, eraldaketa prozesuan palanka egitea dagokigu ikasleoi, azaroaren 28ko greba horretarako tresna izanik. Geroz eta gehiago itotzen gaituen sistema honen aurka, kalera atera eta herrietako karrikak aldarriz blaitzeko etorri gara. Ikasle borrokaz iraultza idaztera goaz. Gora ikasleon borroka!
Artikulu hau Topatu.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta plazaratu dugu hemen.