[IRITZIA] Ikasle borrokaren eroaleak

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Letona 2020ko urt. 21a, 19:54

"Kargatzen" prozesua aurkeztu dute Euskal Herriko hainbat ikaslek. / @IkasleBorroka

2020ko urtarrilaren 18a, lainotuta dago gaur. Eguerdia da eta etxeko berotasunean nagoela telefonoa hartu dut. Topatuk albiste berri bat plazaratu duela ikusi dut mezu baten bidez, baina hau zabaltzerakoan, bat-batean, bihotz taupaden erritmoak gora egin dit: “Antolatzeko eta borrokatzeko forma berriak mahaigaineratzeko eragile berria sortuko dute ikasleek”.

Agerikoa da azken urte hauetan gizarteko beste esparru batzuk lan, pentsio edota bizitza duinen alde altxatu, antolatu eta borrokatu duten bitartean, ikasle mugimendua itzalita egon dela, ez diola behar bezala erantzun euskal gizarteak bizi duen fase historikoari ezta ikasle problematikak dituen beharrei, hauek bigarren plano baten kokatuz. Hutsune horretatik sortu zen Gora ikasleon borroka! dinamika, ikastetxeetako borroka lokaletan jarduteko, beti ere hauek termino nazionaletan kokatuz. Txikitik eragiteko filosofiarekin lanean ibili dira ikasturte honetako lehenengo hiruhilekoan, espazioaren antolaketa, ingurumena, Euskal Herria, ikasleon baliabideak, pedagogia eredua, helduen boterea, kontrol soziala eta identitate anitzak landuz. Laburbilduz, esan genezake ikasle problematika ikasle mugimenduaren jardunaren erdigunean kokatu dutela. Antolatu eta saretzeko erabaki honen zuzentasuna azaroaren 28an burututako ikasle grebaren irudiekin berretsi daiteke. Zapalkuntza ugari bizi dituzten ikasleak, elkarrekin egungo hezkuntza ereduaren aurka Euskal Herriko bost hiriburuetako kaleetan borrokatzen ikusi genituen. Bakoitza bere errealitatetik, baina denak batera eta indartsuago. Nabaritzen da dinamika honek zerbait piztu duela Euskal Herriko ikastetxeetan, indarra izan dela eta eman diola gure hezkuntzari.
 
Orain, ikasle subjektu bat sortzeko eratze prozesua abiatuko dute, duela hilabete batzuk hasitako bide luze baten hurrengo pausoa. Parte hartzea eta horizontaltasuna ardatz, ikasle mugimenduaren bilakaera, egoera politikoa, subjektuak jarraitu beharreko estrategia eta honen nolakotasuna hausnartu eta eztabaidatuko dute, besteak beste.
 
Honekin, balorean jarri nahiko nuke ikasleek emandako urrats historikoa, momentu honetan Euskal Herriak bizi duen testuinguru politikoari erantzukizunez heldu eta jauzi bat emateko hautua egin dutelako. Oinak lurrean izanda, itzaltzen joan den ikasle mugimendua berriz kargatzen jarri dute, ikasle borrokaren eroale bilakatuz. 2020ko hamarkada ezin indartsuago hasi dugu ikasleek eman diguten berri on honekin, herri honek behar duen ikasle mugimendua berpiztera doazelako. Olatu sozialen fase honetan, badirudi hamarkada hau ikasleen eskuetatik idatziko dela, iraultzarako sua bilakatuko diren txinpartak direlako.
 
Hutsune batetik ihesi, baina amets baten bidean doaz. Argi izpi txikiek ikasle mugimendura argitasuna ekarriko duten egunaren zain geratzen gara.

Artikulu hau Topatu.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide