Gizonezkoetan beste modu batera plantea daitekeen araua bada ere, askoz ere ondorio handiagoak izango ditu emakumeen tropelean. Gainera, emakumezkoen tropelean adinaren araberako parte-hartzea mugatzeaz gain, UCIko taldeetan lehiatzen diren emakumeen parte hartzea ere mugatuko da, parte-hartze kopurua asko murriztuz.
Arau berri hau emakumeen txirrindularitzarentzat gizonezkoenarentzat baino askoz kaltegarriagoa zergatik den ulertzeko, kontuan hartu behar dugu irteera-lerroan parte-hartzen duten txirrindularien kopurua. Emakumezkoen lasterketa batean, kasurik onenetan, 23 urtez azpikoetan eta eliteetan aurre-inskribatuta dauden emakumeen kopurua 90 lasterkari ingurukoa da; gizonezkoen lasterketa batean, aldiz, 23 urtez azpikoetan eta 27 urtez azpikoetan 200 lasterkari izaten dira irteera- lerroan.
"Gizonezkoen lasterketetan, oro har, 200 parte hartzaile inguru batzen dira, emakumezkoen artean, 90 gara, ez du zentzurik parte hartzea mugatzea".
Kontuan hartu, lasterketa bietan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, gehienez 200 lasterkarik parte hartu ahal dutela. Hori kontuan hartuta, bi sexuentzako arau diskriminatzailea bada ere, mutilen probetan ulergarria izan daiteke, askotan gainditu egiten delako izen emandakoen muga, nahiz eta beste aukera batzuk ere egon daitezken, esaterako, dituzten bi txapelketak aprobetxatzea (Euskaldun txapelketa eta Lehendakari txapelketa), bata adin-mugarekin ezartzeko eta bestea adin-mugarik gabe.
Hala ere, emakumezkoen Euskaldun Torneoan arau hau ezartzeko federaziotik jarri duten argudioa da 2022ko edizioko irabazlea 40 urteko korrikalari bat izan zela. Lasterkari honek, federazioak berak araudian jarritako baldintzak beteta irabazi zuen, hau da, puntu kopuru handiena ez bazuen ere, gutxienez proba puntuagarrien %80an parte hartu zuen. Argi dago emakumezkoen txirrindularitza asko hazi dela, eta adin-muga horrek zentzua izan dezakela emakumezkoen txirrindularitzak bilakaera handiagoa izaten duenean, gizonezkoetan dagoen jende kopurura iristen denean, baina lasterketa guztietan aplikatu behar izan gabe.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak defendatu duen beste argudio bat junior maila babestea da. Eta bai, ukaezina da beraien karrerak izateko eta prestakuntzan jarraitzeko eskubidea dutela, baina ezin da ulertu hurrengo kategoria kendu edota mugatzea gazteen prestakuntzaren lagungarri izatea, noizbait korrikalari horiek hurrengo kategoriara iritsiko baitira eta ez baitute prestakuntza jasotzen jarraituko, uzten ari den hutsunea dela eta.
Gainera, prestakuntza lortzeko borrokan aritu nahi izanez gero, kirol horren herrialde liderretan arreta jarri eta eredutzat hartu daitezke, adibidez, Frantzian, adin-mugarik gabeko lasterketak daude eta 38 urteko profesional ohiekin lehiatu daitezke; azken finean, maila eta trebetasun handiagoa hartzen laguntzen du horrek, bai maila taktikoan, korrikalari profil hori duten talde osoak baitaude, bai maila pertsonalean.
"Frantzian, adin-mugarik gabeko lasterketak daude eta 38 urteko profesional ohiekin lehiatu daitezke; azken finean, maila eta trebetasun handiagoa hartzen laguntzen du horrek".
Hurrengo debekua hobeto ulertu ahal izateko, emakumezkoen txirrindularitzaren testuingurua ezagutu behar da Euskaditik kanpo. RFECek baldintza batzuk jarri dizkie UCI taldeei 2024ko denboraldiari begira, eta, gaur egun, taldeen %90ak ezin ditu baldintza horiek bete. Horrek esan nahi du 2024an baldintza horiek betetzen ez dituzten taldeak birkalifikatu egin beharko direla eta talde amateurrak izango direla.
Arau honen asmoa emakumeen txirrindularitza gizonezkoenarekin berdintzea da, eskubide eta betebehar berberak izan ditzaten. Arazoa da Euskadiko Txirrindularitza Federazioak arau hau aurreratu egin duela eta 2022ko abenduan araudi berria jarri duela martxan, UCI taldeen parte-hartzea debekatuta. Honela Euskadiko eta estatuko bederatzi talde (Bizkaia-Durango, Eneicat-RBH Global, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa, Massi Tactic Women Team, Rio Miera-Cantabría Infinita, Soltec Team, Sopela Women, Team Farto-BTC eta Zaaf Cycling Team) txapelketatik kanpo geratuko dira. Debeku honek zentzua izango luke, behin 2024an UCI talde guztiek baldintzak betetzen dituztenean eta talde batzuk amateurretan birkalifikatzen direnean.
Zenbakietan, zenbat txirrindulari gutxiago izango dira irteera-lerroan arau berria aplikatzerakoan? Aurrez izena emandako 90 korrikalari inguru dauden kasurik onena izanik, 45 korrikalari inguru kanpoan geratu beharko lirateke UCI talde bateko kide izateagatik. Baina, joan gaitezen Torneoko lasterketa batera, maila handiagoko beste proba nazional baten egun berean egiten dena eta, beraz, interes gutxiagokoa dena talde askorentzat. Larrabasterrakoak, adibidez, Junior, Sub23 eta Elite mailan izena emandako 49 korrikalari izan zituen irteera lerroan. 49 horietatik, 39 txirrindulari 23 azpikoak eta elitekoak lirateke eta horietatik 17 UCI taldeetakoak; beraz, 22 lasterkari geratzen zaizkigu, eta horietatik lau lasterkarik 26 urte baino gehiago dituzte. Beraz, 49 korrikalari izango zituen irteera-lerroko lasterketa batetik 30 korrikalari eskasera izatera iristen den lasterketa batera pasatuko ginateke.
"Arau berriekin 49 korrikalari izango zituen irteera-lerroko lasterketa batetik 30 korrikalari eskasera izatera iristen den lasterketa batera pasatuko ginateke".
Nahiz eta taldeen eta korrikalarien papera ikusi dugun istilu guzti honetan, ezin ditugu antolatzaileak ahaztu. Inork ez du haiengan pentsatu? Jar gaitezen beraien egoeran: emakumezkoen lasterketa bat antolatu nahi duzu, horrek dakartzan arazo eta traba guztiekin, boluntarioak, babesleak, motorrak, epaileak, anbulantziak, trofeoak bilatu, taldeak gonbidatu, ertzaina eta trafikoa kudeatu... Baina Federazioak jartzen dituen muga berriak ikusita, pentsatzen duzue benetan merezi duela 20-30
korrikalari arteko irteera-lerro bat izateko ahalegin guzti hori egitea? Izan gaitezen objektiboak, zenbat antolatzaile egongo dira prest 25 korrikalarirentzako lasterketa bat antolatzeko?
Amaitzeko, federazioak esan zuen Emakumezkoen Euskaldun Txapelketa prestakuntza motzeko proba dela, eta arau berri honen ondorioz kaltetuak diren emakumeek Espainia mailako lasterketak eta Espainia Kopako lasterketak egiten jarrai zezaketela. Beste behin ere, ez dute kontuan hartu lehiaketan gauden emakume askok bizikletan lehiatzen garela txirrindularitza gustatzen zaigulako eta ez dugula inongo etekinik ateratzen, eta, askotan, ezin ditugula gain hartu Sevillara edo Pontevedrara korrika egitera joateko asteburuko joan-etorriek eragiten dituzten gastuak, Euskadin ez digutelako uzten lehiatzen.
"Izan gaitezen objektiboak, zenbat antolatzaile egongo dira prest 25 korrikalarirentzako lasterketa bat antolatzeko?"
Mavi Garcia 31 urterekin hasi zen lehiatzen, eta aurten txirrindularitzan titulu gehien lortu dituen emakumeak, Annemiek Van Vleutenek, 40 urte ditu eta 25 urterekin hasi zen txirrindularitzan lehiatzen. Pentsa dezagun arau hau duela 15 urte egon izan balitz, ez genukeela izango Mavi edo Annemiek bezalako txirrindularirik edukitzeko aukerarik. Euskal Federazioaren arau berri horiei esker, beharbada etorkizunean txapelketa handiak irabazteko gai izango diren emakume txirrindulariak alboratuko dituzte; baina, hori baino okerragoa da, kirol baten hazkundea oztopatzen ari direla eta emakume askoren ilusio eta afizioa geldiarazten dituztela.