PACO ETXEBARRIA (1957, Beasain) Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera Urduñako hilerrian indusketak egiten hasiko da abuztuan. Izan ere, Urduñako kontzentrazio esparruan eta kartzelan 1937-1941 artean hil ziren gorpuak ikertu nahi dituzte.
Urduñako hilerria ikerketa eremu bilakatuko duzue, zer dela eta?
Azken urteetan diktadura frankistako biktimen memoriarekiko interes soziala hazi egin da. Preso izanda Urduñan hil zirenak horren adibide dira. Orain, udalaren babes instituzionalari eta Eusko Jaurlaritzako giza eskubideen zuzendaritzari esker biktimak lurperatu zituzten lekuan ekitaldi sinboliko bat egin ahal izango dugu.
Zertan datza egingo duzuen lanak?
Jende guztiak dakienaren inguruan informazio objektiboa eta egiazkoa jartzea litzake. Urduñako presoak oso injustuki tratatu zituzten, horietako asko egoera negargarrietan hil ziren. Arazoa ez da bigarren errepublikan emandako altxamendu militarra bakarrik izan, diktadurako eta ondorengo krudeltasuna ere bai. Preso horiek injustizia adierazten dute, ez da inoiz arretarik jarri eta ez dute konpentsatzeko eskubiderik izan.
Lokalizatzen dugun gorpu bakoitzak errespetua merezi duen duintasuna irudikatuko du. Horregatik esaten dugu hilotzak atera ahala duintasuna berreskuratzen dugula. Horretarako jende aditua behar da. Gure taldea Aranzadi zientzia elkarteko teknikariek, EHUkoek eta Euskal Herriko medikuntza legaleko institutuko kideek osatuko dute. Baita forentseek, historialariek, arkeologoak eta antropologoek ere.
Zein historia lurperatu da gorpuekin batera?
Zorionez, Urduñako gertaera hauen inguruko historiaz mintzo den liburu bat dago. Horrek asko lagundu du: zerrendak, izenak, jatorriak... Orain egin nahi dugunak historia horiek senideen justizia eskubideetan jartzeko balio lezake. Egiten ari garenak pribatutasunaren esfera gainditua du, interes publikoko gai bilakatu baita.
Zure ustez, zergatik da indusketa hau garrantzitsua?
Esaldi bakarrak labur lezake: Memoria Historikoaren mugimenduarekin gertatu denak giza eskubideen diskurtsoa eta balore zibikoak zabaltzen ditu. Esaterako, Valdenocedan (Burgos iparraldean) eta San Cristobalen (Iruñean) antzerako zerbait egin dugu eta omenaldiak egiteko ta kartzela horietan bizitako injustiziak ez ahazteko balio izan du.
Zein emaitza espero duzue?
Ziurrenik jakina dena konfirmatu egingo dugu, eta horrekin herriko autoritateek hurrengo pausuak zeintzuk izango diren eztabaidatu ahalko dute. Beran, esaterako, babestutako espazio bat jarri dute hilerrian, lurperatutako biktimak oroit ditzaten.