Agroekologia Astea antolatu zenuten. Zein helbururekin?
Urtean zehar egiten diren lan guztiak ezagutzera emateko. Eta, sentsibilizazio lanarekin jarraitzeko. Elikadura, nekazaritza iraunkorra… bezalako gaiak herrian zabaltzeko. Agroekologia ez da lehen sektoreko gauza bat, garatzeko behar diren tresnak eskualde mailan aurkitzen ditugu: langileak, kontsumitzaileak....
Zer da, baina, agroekologia?
Nekazaritza ekologikoa europar mailako araudi batek deskribatzen duen ekoizpen modua da. Agroekologia askoz kontzeptu zabalagoa da, pixka bat denetik sartzen da: lehen sektoreko lan baldintzak, proiektuen bideragarritasuna, ingurumena eta kultura...
Zelako ekoizpen ekologikoa du Aiaraldeak?
Azken urteetan gauzak asko aldatu dira ekoizleen eta kontsumitzaileen aldetik. Ekoitzi eta kontsumitzeko moduaren inguruan ardura bat dago. Mugimendu bat sortzen ari da, kontsumo taldeak jaio dira, produktu ekologikoak saltzen dituzten dendak, proiektu kolektiboak… Orain dela 7-8 urte denontzat arrotza edo ezezaguna zen nekazaritza ekologikoa.
Bertako produktuak jatea jendeari arrotza al zaio?
Lehen ideia okerra zegoen. Kontsumitzaileek ekoizleen produktuak elitistak eta garestiagoak zirela uste zuten; ez zeudela guztien esku ezta egunerokoan eskura. Horrekin hautsi dugu pixkanaka. Gaur egun bertako nekazarientzako aukera bat da. Nekazaritza industrialak inguruko nekazaritza desagertaraztea eragin du, ekoizle txikiak kanporatu egiten dituelako. Beti egongo da norbait gehiago eta merkago ekoiztuko duena, hori da nekazaritza industrialaren eredua.
Zertan ezberdintzen dira ba baserritarren eredua eta industriala?
Agroekologiaren ereduaren oinarria baserritarrena da. Jende gaztearentzat enplegu aukerak sortzen ditu, eredu industrialak ez ditu ez nekazari ez kontsumitzaileen beharrak asetzen. Orain dela 7 urte dinamika hauekin hasi ginenean kontsumitzaileei iristeko oso produktu gutxi genituen. Gaur egun, asko ditugu. Abeltzainak duela 7 urte ere bazeuden, baina ez zuten zuzeneko haragi salmentarik egiten; orain bai. Lehen taldeetako produktuak kanpotik zetozen, gaur egun elikagai gehienak eskualdetik datoz; inguruagatik jorratzea ezinezko direnak kenduta: laranjak, dilistak...
Zein abantaila ditu nekazaritza ekologikoak?
Baserritar txikientzako aukera bat da. Gizarte mailan sareak lantzen ditu. Maila kolektiboan gauzak lantzen direnez harremanak sortzen dira. Eredu industrialak harremanak hautsi eta indibidualizazioa bultzatu du; isolamendua. Agroekologiak, aldiz, baserritarren harremanak berreskuratzen ditu. Lehen sektorean; tokiko ekonomia lantzen du eskualde eta herri mailan. Industriak hori dena kanpora ateratzen du. Beraz, agroekologiak eskualdeko bizi baldintzak hobetzea dakar. Urduña bezalako herrietan hori ere behar da. Kalitate aldetik ere ez dago konparatzerik. Dena bertan ekoizten da eta garaiko produktuak dira. Askorentzat oroimenean dauden zapore, usain eta sentsazioak berreskuratzea dakar. Nekazaritza industrialarekin edozer gauza kontsumitu daiteke urteko edozein momentutan. Orduan, honek , naturarekiko harremanak berreskuratzea ahalbidetzen du; zikloak…
Eta oztopoak?
Eredu industrialak finkatu dituen oinarriak. Batzuk uste dute produktu ekologikoak garestiagoak direla. Eredu industrialak markatutako kontzeptuak oso barneratuta ditugu. Telebista, pelikulak... ditugun influentzia guztiak eragina dute gugan. Agroekologia baserri eredu batera itzultzea da, ez 50 urte atzera egitea. Askorentzat hori antzinako bizitzara bueltatzea da, baina ez da hala. Denok argi dugu landa eremuetan bizi baldintza minimoak izan behar direla. Agroekologiak ez du derrigorrez aurrerapen teknologikoei uko egitea esan nahi, baizik eta modu iraunkor batean erabiltzea.