Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteak erronka berri batekin heldu dio ikasturteari: egunkaria. Urriaren 3an kaleratuko dute lehenengo alea. Hamabost egunean behin argitaratzekoak dira. Egunkariko 10.000 ale aterako dituzte. Eta doan banatu
2010eko apirilaren 17an www.aiaraldea.com webgunea sareratu zuten. 2012ko abenduaren 3an, nazioarteko euskararen egunean, Aiaraldea irratia; euskara hutsezko internet irratia. Hala, Aiaraldea soziologikoa osatzen duten 9 herrietako gertaerak bideoetan, argazkietan, irratian eta albistetan jasotzen dituzte. Hortaz, hemendik aurrera, komunikabidearen eskain-tzari paperaren euskarria batuko zaio.“Egindako lanarekin pozik gaude, baina euskarak zein euskaradunak euskaraz bizitzeko ahal beste tresna behar dituela jakinda, oraindik ere bide asko dugu urratzeko”, dio Gartzen Garaio elkartekideak.
Eustatek ateratako azken datuen arabera, Aiaraldeko euskararen ezagutza datuak asko handitu dira. Ez, ordea, erabilera. 2011an Aiaraldean 41.253 biztanle zeuden erroldatuta. Horietatik %58,55 dira euskaraz ulertu eta aritzeko gai. Hots, hamarretik sei lagun. Kale erabileraren azken neurketek, baina, euskararen erabileraren bataz-bestekoa eskualdean %5era ez dela iristen diote. “Euskaraz bizitzeko espazio eta tresna gehiago behar ditugu”.
Hamasei orri
Egunkariak 16 orri izango ditu. Horietatik zortzi koloretan argitaratuko dira. Besteak beste, iritziak, herriz herriko albisteak, jendartea, kirola, kultura eta agenda bilduko ditu. Irakurleek ere haien txokoa izango dute. Bertan, edozein motatako agur mezuak argitaratzeko aukera egongo da: zoriontzekoak, eskertzekoak... Edo, autobus, farmazia eta herrietako azoka egunak. Horretaz gain, kolaboratzaileen sare handi bat izango du; eskualdeko pertsona ezberdinek zutabeak idatziko baitituzte. Horien artean daude Juan Jose Ibarretxe, Txema Urkijo, Julen Arzuaga, Eli Pinedo, Kepa Sojo edo Iñaki Isasi. Bestalde, gai ezberdinetan adituak diren herritarrek ere kolaboratuko dute iritzia emanez. Ale bakoitzean zortzi iritzi zutabe joango dira. Ildo beretik, Aiaraldeko komikigileen lanak ezagutzeko parada ere eskainiko du.
Aniztasuna nagusi
Garaiok azaldu duenez aniztasuna eta tokikotasuna izango ditu egunkariak ardatz. Batetik, Aiaraldeko herri txiki, ertain zein handienei arreta berezia ipiniko dietelako. Eta, bestetik, gaiak aukeratzerako orduan eskualdeko jende eta praktika mota oro hartuko dutelako aintzat.
Kiroletan, esaterako, emakume zein gizonen ligak landuko dituzte. “Futbolaz gain, errugbia, hockeya, boloa, patinak, saskibaloia, eskupilota... Kirol asko dira eskualdeko bizitzaren parte. Beste komunikabideetan nabarmentzen ez diren gaiei ere heldu nahi genieke”. Egunkariaren gainontzeko sailetan ere parekidetasuna eta aniztasuna bermatzea dute erronka.
“Gure gaur arteko jardunean bezala, ahalik eta iritzi aniztasuna eta objektibotasun handienarekin idatziko da, hau funtsezkoa baita euskarak espazio berriak irabazi ditzan”, erantsi du.
Elkarlana ardatz
Egunkaria egiteko zein bana-zerako orduan auzolanaren formula aukeratu dute: “Aiaraldean bizi garen 25.000 euskaldun eta ia euskaldun horiengana iristeko modurik zuzenena batez ere ikastetxe eta euskaltegiak dira. Horrelako toki gehienetan euskararen normalizaziorako taldeak eta programak indarrean daude. Heziguneen ahalegin etengabea da euskararen normalizazioa. Egitasmo hau ere langintza horren akuilu izan daiteke”. Horregatik, nola eskualdeko ikastetxeetan hala euskaltegietan biastekaria banatzeko konpromisoa hartu dute.
Euskaradunak herritarren ia %60 soilik direla kontuan hartuta, euskarri osoan zehar hiz-kuntzaren ulermena errazteko beharrezko oharrak jarriko dituzte; hitz berezien definizioak. Komunitatearen plazari ere tokia gorde diote; norbanako eta eragileen euskarazko komunikazio leihoa zabaldu asmoz.
Banaketa
Egunkariak ostegun eta ostiraletan iritsiko dira herrietara; bi asteko maiztasunarekin. Alabaina, sarean irakurtzeko aukera ere izango da; www.aiaraldea.com atariaren bitartez. Elkarteak aurreratu duenez, herriz herri tabernetan, osasun zentroetan, ileapaindegietan... utziko dute.
Harpidedunek, aldiz, etxeko buzoian jasoko dute. “Lantegietako espazio publikoak eta euskara plan edo taldeak dituzten enpresetan ere egingo dugu banaketa”, adierazi du Garaiok. Egunkariko atal ezberdinetan parte hartzeko bide ezberdinak zabaldu dituzte. Batetik, agurrak@aiaraldea.com helbidearen bidez zorion mezuen bilketa egitea proposatu diete herritarrei.
Erabiltzaileek edozein informazio publikatu nahi izanez gero, ordea, erredakzioa@aiaraldea.com helbideaz gain, egunkaria@aiaraldea.com postontzia izango dute eskura. Iragarki laburrak igorri nahi dituen orok, aldiz, iragarkilaburrak@aiaraldea.com helbidea erabili beharko du.Hortaz, Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduñako herritarrek inguruko informazioa euskaraz jaso eta zabaltzeko beste bide bat izango dute hemendik aurrera.