IRATI MENDIGUREN COSGAYA (Laudio, 1985) Aiaraldea Komunikazio Leihoko kidea da. Ostegunean kaleratuko da aurrenekoz Aiaraldea Egunkaria. Hamabostekari bat izango da, hamasei orriduna eta doakoa. Eskualdean 10.000 ale banatuko dituzte.
Egunkaria erditzear zaudete. Norentzat?
Egunkaria sortzeko ideia mahaigainean jarri zenean elkartearen komunikabide digitalaren bidez iristea lortzen ez genuen horiek genituen buruan. Jende askok ez du internetarekin zuzeneko eta eguneroko loturarik. Eta, euskaldun eta ia-euskaldun badira ere, komunikazioak ez du euskarri bakarra. Egunkaria hamarkadetan zehar erabili izan den komunikabide hurbila da, jendearen eskura iristen dena.
Zelako eragina izatea espero duzue?
Hasieratik izan dugu argi papera material interesgarria dela jendarteko toki ezberdinetara iristeko. Bai ikastetxe, euskaltegi, kultur etxe, taberna, garraio publiko... Eta nola ez, adin eta perfil ezberdineko irakurleengana heltzeko.
Zer egingo duzue, ordea, hori lortzeko?
Bertan landuko diren edukien jatorria eta gaien aniztasuna zein aktualitatea kontuan izanik euskal hiztunen gehiengoaren intereseko edukiak plazaratzea espero dugu hamabostero: zutabeak, agenda, komikiak...
Gainera, euskara maila ezberdinetara egokituko diren testuak sortzea da gure erronketako bat. Modu honetan, euskara apur bat dakien pertsonak zein euskaldun zaharrak ere kabida izango du proiektu berri honetan.Guretzako ezinbestekoa da eskualdeko komunikabide bat izanik herritarren, eragileen eta adituen ikuspegiak, jakintzak eta ekintzak zabaltzea. Jendearen parte hartze aktiboa bilatu nahi dugu kolaboratzaileen bidez. Guztion aleak batuz errazagoa izango da euskaraz bizitzea.
Albisteak, bideoak, argazkiak, irratia, egunkaria... Nola elikatzen da guzti hori?
Auzolanean eta ilusioarekin, noski. Eguneroko lana egiteko bolondreski aritzen den inurritegi fresko bat dago guztiaren atzean, eta lau langile, Bakoitzak gustuko eta posible duen horretan apurra jartzea da proiektuaren hauspoa. Nahi duenak badu lekua gurean! Handitu dezagun sarea!