Amurrioko AEK-k ostegunean aurkeztuko du euskaltegi berria. Izan ere, 2011ko abenduaren 16an, haize ufada batek teilatua eraman zuen. Geroztik herriko hainbat lekutan egon dira; nola Lucas Rey eskolan hala Katekesian. Irekiera ekitaldia irekia izango da. Zita, 18:00etan jarri dute.
Urriaren 3tik aurrera emango dituzte klaseak bertan. Euskaltegi berria, Matias Landaburun kokatuta dago. 438 metro karratuko azalera du; bi solairu eta sei ikasgela. "Beheko pisuan bulegoa, irakasle gela eta bi gela txiki daude. Goian 4 gela gehiago eta hiru komun", azaldu du Maite Benitok gaur goizeko prentsaurrekoan.
Euskaltegi berriaren prestaketak 120.000 euroko inbertsioa suposatu du. AEK-k 80.000 euro ordaindu ditu, eta udalak 40.000. "Hala ere, AEK-k gastu gehiago izan ditu, altzariak, kartelak...", erantsi du Benitok. Udalarekin sinatutako akordioan 15 urterako erabilera hitzartu dute. Alabaina, bost urtez luzatzeko aukera izango dute.
Ate irekiak
Urriak 1ean eta 2an ate irekiak antolatu dituzte jendeak ikusi dezan. Goizez, 10:00etatik 13:00etara egongo da bisitatzeko aukera. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 1900etara.
Eskaintza zabala
Aiaraldeko euskaltegia bi herritan kokatuta dago, nagusiki. Hala azaldu du Martin Garcia, Laudioko AEKko arduradunak: "Laudioko euskaltegiak Laudion, Orozkon, Okondon eta Arakaldon sortzen diren taldeak hartzen ditu. Amurriokoak, Amurrio, Urduña, Artziniega eta Aiarakoak". Iazko ikasturtean 40 talde izan zituten, guztira 364 ikasle. Amurrioko euskaltegiak, gehienez, 90 lagun hartuko ditu, taldeetan gehienez 15 pertsona bil baitaitezke.
Euskara ikasi nahi dutenentzat bide ezberdinak proposatu dituzte. Batetik, maila guztietarako ordutegi zabalak; goizez, arratsaldez edo biak tartekatuz. "Txandaka lan egiten dutenak posibilitatearen arabera goizez edo arratsaldez etortzeko aukera dute. Jende askok pentsatzen du txandaka lan egiten duenez ezin dela etorri. Aukera hori ere badago", argitu du Garciak.
Aiaraldeko euskaltegiak "homologatuak" direla-eta, egiaztatze frogen lehen zatiak bertako euskaltegietan egingo dituzte: "Ikasleentzat leku lasaigarri eta konfiantzazkoa izatea lagungarria da, urduritasuna usatzen laguntzen du". Besteak beste, EGA edo lehenengo, bigarren eta hirugarren hizkuntz eskakizunak betetzeko ikastaroak eskaintzen dituzte.
Aurrez aurreko taldeetara moldatu ezin direnentzat, aldiz, on-line ikastaroak eta autoikaskuntza dinamikak abiatu dituzte, "nahi duten lekuan eta orduan ikasteko".
Ikastaro guztiak urriaren lehen astea nhasiko dira. Haatik, matrikulatzeko azken eguna ostiral honetan izango dela gogorarazi dute AEK-ko kideek. Edozein ikastaro eginda ere, Aiaraldeko udal guztiek odriantzen laguntzeko beka sistema dutela nabarmendu dute.