ZIRIAKO MOLINUEVO (1935) apaiza bete-betean harrapatu zuten 1983ko uholdeek. Laguntzaileen gunea koordinatzen ibili zen, eliza janari eta edarien biltoki bilakatu baizen.
Nola gogoratzen duzu 1983ko abuztuaren 26a?
Ni parroko bezala nengoen. Egun horietan sekulako euriteak izan genituen. Ni arratsaldean etorri nintzen, kotxea utzi eta Pio XII kaletik elizara sartu nintzen. Ura gerritik nuela ireki nuen atea, nahi zuen jendea bertara sartu eta bertan gera zedin. Hurrengo egunean Gasteizen ezkontza nuen. Egoera ikusita telefonoz hots egin nion, baina linea moztu zen.
Eliza herritarren aterpe bilakatu zen, ez?
100 pertsona inguru batu ginen, jendea ezin zelako etxeetara joan. Elizako eskaileretaraino iristen zen ura; gora ez.Gauerdirarte bertan egon ginen, atertu arte. Ondoren, Zumalakarregiko egoera ikustera joan nintzen. Orduan berriz hasi zen euritan, oraingoan askoz gogorrago. Juan Jose Ibarretxe zen orduan alkate, eta segurtasunagatik udaletxera igotzeko proposatu zigun. Udalbatza aretoan egon ginen euritea eten arte.
Kaleko egoera zein zen?
Plaza urez lepo zegoen, kotxeak flotatzen zeuden; ura eta lokatza zen nagusi. Geltoki ingurua urez beteta zegoen. Herrian, menditik zetozen errekek gainezka egin zuten. Lamuza plaza hasten den tokian istripua egon zen, Guardia Zibilaren land-roverrean 5 pertsona zetozen eta urak eraman zituen. Rafa Isasik erreskatatu zuen hil ez zen polizia bakarra.
Arabako Diputazioko presidentea ere gomadun botekin etorri zen material bete furgoneta laguntzeko. Lehen uneak oso gogorrak izan ziren, angustiaz bizi izan genituen. Jendeak ezin zuen ondo zegoela abisatu.
Laguntza gunea antolatu zenuten...
17 egun eman nituen nik etxera joan gabe. Elizan janariak, edariak... Ura eta esnea banatzen genituen; almazena bilakatu zen, mezak igandetan soilik ematen genituen. Hiletak hilerrian egiten genituen. Bolondres asko egon ziren. Erdigunea nola geratu zen "inpresionantea" izan zen. Herria nola garbitu, atondu... pentsatzen hasi ginen. Ertzaintzaren talde bat eta Nafarroako Viana herritik ere etorri ziren laguntzera.
Zer nabarmenduko zenuke 1983ko uholdeetatik?
Sustoa eta elkartasuna. Antolakuntzari dagokionez gauero udalean bilerak genituen Juan Jose Ibarretxerekin, udaletxeko langileekin... Era honetan berriak eta hurrengo eguneko egitekoak zehazten genituen.
Herriarentzat zer suposatu zuen hondamendiak?
Herrigunea, zubiak, lokalak... uholdeak desegin zituenez erdigunea konpontzeko aukera ekarri zuen. Beraz, alde batetik desgraziak ere badute alde positiboa. Lateorro eta Ugarte auzoetan ere izan zuen eragina, taberna eta denda asko izanik bete-betean harrapatu zituen. Uholdeak ez zituen nerbioi ibaiak eragin, San Juan eta Aldaikoerrekak baizik. Bertan adarrak... apurtu ziren. Guardia Zibila bertaratu zenean adarrek eta zuhaitzek zanpatu zituzten Karmen kaleraino.
Jende asko desagertu zen?
Ez, hurrengo egunetan jendeak etxera joan ahal izan zuen. Euriteak Okondo eta Orozkon ere harrapatu zuen jendea.
Zenbat denbora behar izan zen normaltasuna berreskuratzeko?
15 bat egun. Jendeak arropa utzi zidan. Herria berreraikitzeko denbora gehiago behar izan zen, noski. Eta, jakina, odoloste eguna izaki jaiak eten ziren, baina memoriarako beste gertaera negatibo eta positiboa bizi izan genuen.
Gertaera horiek zein lekzio utzi dute?
Jende asko ez da gogoratzen edo ez du bizi izan. Baina nik uste dut gertutik bizi izan genuenok sentimendu bikoitza izan genuen: angustia eta bolondresek erakutsitako elkartasuna.
Bitxikeriraik ere egongo zen, ezta?
Gentza Berastegigoitiarena. Uholdea oso fuertea zenean, ni sakristian nengoen. Geltokiko zubi parean sekulako ur korrontea zegoen. Ez dakit etxetik ikusteko atera zen edo ez. Paretara ebatu zen. Ni leihora hurbildu nintzen hortik ateratzeko eta zubiko barrerari heltzeko. Tren geltokira sartu eta Lateorroroa iristea lortu zuen. Uraren zaratarekin ezinezkoa zen hitz egitea. Anekdotak baino bizipenak gordetzen ditugu bertan egon ginenok.
Gaur egun elkartasun hori emango litzatekeela uste duzu?
Egia da oso gurekoiak garela, baina garai hartan muga guztiak hautsi ziren. Halako egoerak sortzean jendeak bibotea ere uzten du, bizitza arriskatzeraino. Jendartean arazoak daudenean sortzen da elkartasuna.