Pablo Gorostiaga pregoilari izatea debekatu eta gero, jaietako pregoi irakurketa bertan behera uztea erabaki du Jai Batzorde Paritarioak. Batzordea, udal zinegotziek, alderdi politiko batzuk eta herriko kultur eragileek osatzen dute. Bertan erabakitzen dira jaien nondik norakoak. Ezadostasun politikoengatik PSE eta PPk parte hartzeari uko egin zioten.
Jai Batzorde Paritarioa atzo bildu zen nola pregoiaren irakurketan hala txupinaren jaurtiketan debeku judizialaren aurrean zer egin adosteko. Izan ere, abuztuaren 8an Gasteizko Administrazioarekiko auzien epaitegiak pregoia debekatzea erabaki zuen, terrorismoaren biktimen duintasunaren aurkako erasoa dela iritzita. Epaiak, Gorostiagaren pregoia egitarautik kentzea eta haren izenean beste inork irakurtzea ere galarazi zuen.
Egoeraren aurrean Jai Batzorde Paritarioak pregoiaren irakurketaren ordez egun eta ordu berean herriko plazan ekitaldia egitea erabaki du. Hots, bihar 19:00etan. Aurreratu dutenez, parte hartze prozesu baten ondorioz hartutako erabakia galaraztea salatuko dute.