EAJk Adiek Zubiaur Eraikuntzako administrazio batzordea utzi izana kritikatu du. Jeltzaleen iritziz Adiek erantzunkizunari uko egin dio, betebeharrei muzin eginez. "Dimititzea aurrez pentsatutako maniobra izan da, kudeaketarako duten gaitasun eza estaltzeko", adierazi dute. Haatik, alkateari eta alkateordeari sozietate publikoaren lehendakaritza eta idazkaritzari eusteko eskatu diote, "herriko arduradun nagusienak direlako". Erronkari heltzeko, EAJren babesa mahaigaineratu dute.
EAJren aburuz, Adiek plataformaren interesak herritarrenaren gainetik jarri ditu: "Zubiaur Eraikuntzak hondoratzen utzi dute, herriaren ongizaterako gako diren konpromisoak sustatzen dituen sozietate publikoa".
Erantzunkizuna eskatzeaz gain, gezurretako datuak ez erabiltzeko eskatu diete. Baita gobernatzeko ardurari heltzeko re, orozkoarrek egotzitako eginkizuna hori delakoan.
Orozkoko EAJrentako ezinbestekoa da alkateak indar politikoekin akordioak bilatzea. "Gobernu taldea da akordio horiek bideratu behar dituena, baina ez dute inolako momenturen batean egin, ezta horretarako asmorik agertu", salatu dute.
Hori dela-eta, Orozkoren garapenerako Zubiaur Eraikuntzak-en apustua berretsi dute: "Sozietate publiko gisa paper garrantzitsua jokatzen du. Horregatik, helburuen eredua kontrastatzeko prest gaude; gaur arte ez baitu alderdi politiko batek ere ez aldaketarako proposamenik agertu".