JOSEBA MARTIN (Santurtzi, 1961) beste hamaika herritarrekin batera Arrankudiaga-Zolloko Ezkurra aldizkaria egiten parte hartzen du. Oraitnsu argitaratu dute bertako berriak jasotzen dituen hilabetekariaren 100 alea. 10 urte bete dituzte.
Ezkurrak 100 ale argitaratu ditu... ezkurra zuhaitz bihurtu da. Izandako bilakaerarekin gustura zaudete,ezta?
Jakina. Ezkurra egitea planteatu genuenean, uste dut egiten eta banatzen laguntzen dugunotatik inork ez zuela imajinatu hain urrun iritsiko ginenik. Hilero ateratzen den aldizkaritxoa da, eta, egia esan, Arrankudiaga eta Zollorentzat ez da gauza erraza prestatzea eta gero herriko etxe guztietara heltzea garaiz. Beraz, uste dugu arrazoi asko ditugula 100 ale ateratzea lortu dugulako.
Noiz, nola eta zergatik sortu zenuten herri aldizkaria?
Lehenengo alea 2003ko abenduan irten zen. Hau da, aldizkariaren 100. alea atera dugu,baina, horrez gainera, 10 urte bete ditugu ia. Ezkurra ateratzera eraman gintuen arrazoi nagusia gure ilegalitate egoera izan zen. Udaletxean ordezkariak izateko aukera ukatu ziguten, eta hori hutsune demokratiko larri bat zen. Horrez gainera, informazio falta handia zen ere; auzokideek ez zekiten ia ezer udaletxean aztertzen eta erabakitzen ziren gaien inguruan.
Asanblada batean aztertu zen aldizkariaren gaia; aldizkari bat ateratzeko arrazoiak zein izan ahal zuen izena planteatu ziren.Orain bloga ere badaukagu; baina, orduan postontzi bat jarri genuen plazan, hala nahi zuenak bere ekarpena egin zezan. Postontzia hor dago oraindik, eta jendeak erabili egiten du.
Ale bakoitzaren atzean nolako lana dago?
Ba, beste edozein argitalpenetan dagoena ziur aski. Batzar bat egiten dugu eta herri mailako informazioa edo berriak aztertzen ditugu, eta postontzian jaso duguna. Gero, edukia erabakitzen dugu, baita hileko elkarrizketa eta gai orokorra jorratzen duen artikulua. Ondoren, lana banatzen dugu: nork eta zer idatzi; nork egingo duen elkarrizketa... behin betiko forma eman arte. Zeregin zailena? Talde lan bat dela kontuan hartuta, alderdi guztiek daukate bere zailtasuna, eta guztietan behar da guztion ekarpena. Ezkurran, egiten eta banatzen, 10-12 Pertsona inguru gabiltza.
Zein zailtasun ditu halako proiektu bat aurrera ateratzeak?
Proiektu gehienetan, zailtasun nagusiena finantziazioa izan ohi da. Guk, herriko jende askoren ekarpenari esker, ez daukagu Ezkurra finantzatzeko arazo handirik. Esan behar dugu ere hasieratik helburu nagusia informazioa izan dela, baina argi izanda ezinezkoa zela hilean behingo aldizkari hau koloretan edo kalitate handiko paperean ateratzea. Beraz, gaur egun, zailtasun nagusiena aldizkaria hobetzeko ideia berriak lortzea izan daiteke, edo aldizkaria
egiteko lanean parte-hartze handiagoa lortzea…
100 ale barru nola gustatuko litzaizuke ikustea Ezkurra?
Arrankudiaga eta Zolloko informazioa emateko erreferentea izaten jarraitzea. Gauza ona litzateke 100 ale barru, banaketa atzeratzen bada, auzokideek galdetzea, orain egiten duten bezala, ea zergatik ez daukaten oraindik “bere” Ezkurra. Bestalde, gorago esan dugun bezala, gure apaltasunetik, produktua hobetzea gustatuko litzaiguke. Eta, horretarako, onena da lanean jarraitzea eta pertsona, ideia eta proiektu berriak gehitzea, Ezkurraren etorkizuna bermatzeko.