ASIER AMONDO GOROSTIZAGA (Laudio, 1969) Korrikako arduradun berria da. Urriaren 1ean hasiko da burubelarri 19.Korrikako antolakuntza eta koordinazio lanetan.
Edurne Brouardek Korrikako arduraduraren lekukoa pasa dizu. Nola jaso duzu?
Ba bai, Edurne Brouardek lekukoa pasa dit. Azken urteotan egin izan ditugun Korriken patroia izan dugu ezin baitugu ahaztu 13. Korrikatik 18. Korrikara Edurne izan dela Korrika arduraduna.
Bestetik, berria Agurainen ekainaren 27an egin genuen AEK-ren batzar orokorrean jaso nuen. Berria jaso dut pozez, ilusioz, gogoz... erronka berria da, baina egia da "bertigo" apur bat ere ematen duela, erantzukizun handia baita. Alde batetik ez baita erraza Korrikan hainbeste urte eman dituen Edurne moduko pertsona bat ordezkatzea eta bestetik ez da erraza ere Korrika bezalako ekimen batean koordinazio lanetan aritzea, gauza asko daudelako: mezua, omendua, instituzioekin harremanak, ibilbidea, karrera, Korrika kulturala etab... Korrikak AEK gainditzen du eta horregatik nioen aurretik "bertigoa" ere ematen duela.Baina osatuko dugun lantaldean konfidantza osoa izanik egoki bideratuko dugulakoan nago.
Zein izan da orainarte AEKn egin duzun bidea?
Ni 1988an hasi nintzen AEK-n sasoi hartan irakasle gisa, 1993tik aurrera eta 2003 bitartean Laudioko arduraduna izan nintzen, 2003tik aurrera AEK-ren Artezkaritza Kontseiluko kidea izan naiz. Artezkaritza Kontseiluko kidea izan naizen bitartean 15, 17 eta 18. Korriketako Korrika Nazioaleko batzordearen partaide ere izan naiz, 2005etik Arabako AEK-ko koordinatzaile gisa aritu naiz, azken ardura hau aurtengo irailaren amaieran utziko dut urriaren 1etik aurrera buru belarri murgiltzeko 19. Korrikaren antolakuntzan.
Etapa berri bat hasi duzu. Zein da heltzea gustatuko litzaizukeen helmuga?
Helmuga jartzea ez da erraza AEK-ren eta Korrikaren helburuak argiak dira, Euskal Herria euskalduntzea eta euskalduna dugu helburu, horren bidean euskararen sustapenean egiten den ekimenik handiena eta integratzaileena Korrika da, Korrikak bere inguruan aniztasuna du eta Korrikara hurbiltzen diren moduan euskarara hurbiltzea jende andana hori garrantzitsua eta ezinbestekoa da etorkizun hurbil batean euskarak frantsesa eta gaztelera duten status bera eskuratzeari begira, horrek guztiak euskararen irakaskuntzan eta zer esanik erabileran berebiziko garrantzia duelako.
Korrika hasi arte, zeintzuk izango dira emango dituzuen urratsak?
Noiz hasten da Korrika? Hau irakurtzen duzuen askorentzat abiatzen den lekutik abiatzen den egunean gu dagoeneko Korrikaren informazio eta dokumentazio bilketarekin hasi gara, esan bezala guretzat 19. Korrika datorren urriaren 1ean hasiko da mezuaren eta ibilbidearen diseinutik abiatuko gara, Korrika batzorde Nazionala osatu behar izango dugu eta lehenengo batzarrak abian jarriko ditugu, ikusten duzuenez Korrika beraren antolakuntzak bi ikasturte oso ematen dizkigu.