Uda dela-eta, programaketa berezia prestatu du Aiaraldea irratiak. Izan ere, irratsaio batzuk oporrak hartu dituzte. Ez, ordea, guztiek. Programa horiek, Uhinak irrati librearen bidez entzuteko aukera egongo da. Uztailean eta abuztuan, beraz, musika izango da nagusi Aiaraldea Irratian. Ikasturte berria, irailaren lehenengo astean abiatuko dute. Guztia prestatzeko asanblada irailaren 2an egingo dutela aurreratu dute, 19:00etan Aiaraldea Komunikazio Leihoaren Laudioko egoitzan.
Balorazio positiboa
Euskara hutsezko internet irratia abenduaren 3an, euskararen egunean, jarri zen martxan. Geroztik, hamaika pausu eman dituzte: zuzeneko irratsaioak, mugikorreko aplikazioan entzuteko urratsa... Haatik, lehen ikasturtearen balorazio oso positiboa egin dute. Izan ere, astero, 15 irratsaio ekoitzi dira. Horiek guztiak fm.aiaraldea.com webgunean daude entzungai. Edo, Aiaraldea Komunikazio Leihoaren sakeleko aplikazioan.
Aurten, 16 irratsaio propio sortu dituzte. Datorren urteari begira, ordea, mikrosaio zein programa berriak sareratzea jarri dute erronkatzat. Horregatik, irratian parte hartu nahi duen orori irratia@aiaraldea.com helbidearen bitartez harremanetan jartzeko eskatu diote. Irailean, irratiko soinu mahaia erabiltzen ikasteko tailer txiki bat egingo dutela ere zehaztu dute.
Alabaina, udan emisio berezia egin arren, lanak ez du etenik izango. Izan ere, Amurrioko Araba euskarazen edo Txakolin egunean bezala, jai edo egun berezietan kaletik zuzeneko irratsaio bereziak egitea dute buruan.