On Kixoterentzat errotak ikaragarriak ziren. Eta euskararena balitz imajinatutako errota?
Euskararen errotak martxan jartzeko proposamenarekin dator Aiaraldeko Euskalgintza Kontsleiua. Nola? Konpromiso eta maitasunez blai. Norbanako edo elkarteen maitasuna zein konpromisoak behar ditu euskarak. Mugimendu gabeko errotak ez du zentzurik. Jolas sinple batekin datoz: desio bat pentsatu eta errotan idaztea. Heldu da zure txanda. Zu ere bazara nor, zu ere bazara gai, dena duzu irabazteko; eta asko dago jokoan.
Prest daude mugitu beharreko fitxak. Erroten tailerra martxan da inguruko ikastetxeetan, euskaltegietan, kirol eta kultur taldeetan; eskulana. Zer egin behar den? Errotaren hegaletan, Aiaraldea euskalduntzeko bakoitzak hartuko duen konpromisoa idatzi, etorkizuna eta eskualdea euskaraz koloreztatzeko. Baldintza bakarra dago: egingarria den zerbait aukeratzea. Abenduaren 3an aireratuko ditugu errota eta konpromiso guztiak Amurrioko plazan. Jolas erraz eta polita, ezta?
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sortu zutenetik gaur arte, oztopoak eta erronkak mahaigaineratu ditu sarea osatzen duten 40 eragile baino gehiagoren artean. Atera diete punta aukerei, ikasi dute elkarrengandik, sortu eta zabaldu dute Google Driveko konpromisoen laborategia...
Hala, haurrek dagoeneko jarri dute euskararen errotan lehen harria, ETB3n euskarazko marrazki bizidunak ikusteko konpromisoa hartuz. Nerabeek ere eman dute urratsa. Batzuk aiton-amonei euskaraz hitz edo esaldi bat irakatsiko diete astero. Beste batzuk, berriz, Gran Hermano beharrean “Gu ta gutarrak” ikustera animatuko dira. Badira Whatsappetik euskaraz idazten saiatuko direla erabaki duten gurasoak. Edo, etxeko zein inguruko umeei eta dendariei euskaraz mintzatuko zaizkienak. Laudio Igeriketa Klubak gurasoentzako oharrak eta kartelak elebitan egingo ditu hemendik aurrera. Enpresetan, ordenagailu zein sakelakoak euskaraz konfiguratuko dituzte. Nire bizilagunak euskaraz heziko du txakurra; eta, akaso, fisioterapeutak telefonoz “Bai, esan!” erantzuteko ohitura hartuko du. Amets bat izan zitekeen, baina ez, errealitatea da, keinu eta erabaki txikienak ere alda lezake ingurua. Ez da esperimentua, frogatua dago: lehen hitza euskaraz esate hutsak erabilera bikoiztuko luke.
Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina euskarak 365 egun ditu, eguneroko gauza da. Nirea. Zuena. Denona. Bai, ados: aho, bide, bihotz eta ate asko ditu oraindik zabaltzeko. Eta horretara nator, nire hitza betetzera. Lasai, ez dizuet ezer eskatuko, borondatea ez bada. Deitu konpromisoa, edo maitasuna, baina ondo apuntatu hitzordu hau: abenduaren 3an12:00etan, Amurrioko plazan. Pauso txikiekin jauzi erraldoia ematera goaz. Nahi duzun herri eta bidetik etor zaitezke: menditik, oinez, autoz, bizikletaz, trenez, patinekin, korrika... Baina ez ahaztu aterkia, elkarrekin dantzatu behar dugu eta. “Nola?Dantzatu?”, ariko zara zure buruari galdezka. “Kantatzen duen herria ez da sekula hiltzen, eta dantzatzen duenak iraultza ederragoak egiten ditu”. Hori zioten Aiaraldeko artistek “Euskararen errota” abestia sortzeko prozesua azaltzerakoan. Kantu eta koreografia alai eta parte-hartzailea sortu dute egun hori ahaztezina izan dadin, eta flashmob-a grabatzera doaz. Zuekin. Ez zaitezte On Kixote bezala errotekin beldurtu, aiaraldea.eus atarian dago dantza pausoz pauso irakasten duen bideo tutoriala, eta egunean bertan ere egongo da ikasteko aukera.
Erronka potoloa dugu eskuartean: gure lurrak euskararen etxe bilakatzera goaz, lemak dioen bezala, Amurrioko plaza euskararekiko maitasunez bete eta konpromisoen lorategia irekitzera. Kale animazioa, jan-edana... Bi orduz soilik bada ere, batera ospatuko dugu Euskararen Eguna, urteko gainontzeko egunetan ere euskararen errotak bizi-bizi egon daitezen. Urduñatik, Artziniegatik, Laudiotik, Orozkotik, Arakaldotik, Arrankudiaga-Zollotik eta Aiaratik Amurriora ehunka herritar euskararen aldeko konpromisoak lau haizetara zabaltzera joango direla imajinatze hutsa ez al da ederra? Eta zuk, galduko duzu?
On Kixote bizirik balego eta abenduaren 3an Amurriora etorriko balitz, ziur nago Gaztela Mantxako lekuaren izenaz ez, baina Aiaraldeaz gogoratuko litzatekeela; errotak pertsonekin konfunditu eta konpromiso eta maitasunez euskaraz bizitzearen alde egin zuen herriaz.