Gabonak gurasoak dira. Gutxi falta da jende guztia zoratzeko. Denak azken orduan presaka, lagun oro kontsumo kateari lotuta. Polboroi ogitarteko bat irenstea baino zailagoa zait horrela bizi den jendea ulertzea. Pena ematen didate poza garai jakin batekin lotzen duten pertsonek. Izango da zoriona mezu batekin opa baino, nahiago dudalako edonoiz ideia txoro batekin oparitu. Horregatik jarraituko dut bolada edo egun txarra duenari mezu batekin txokolatezko palmera bat etxeko atean uzten.
Aitortzen dut: 28 urte behar izan ditut jai zoriontsuak nola areagotu jakiteko. Aurrera ditzagun “kanpaikadak”, bazkal dezagun edonoiz elkartzeko gogoa dugun horrekin, ez itxaron opariak jaso edo emateko biharamuna. Bihar, berandu izan liteke.
Urtea egunero hasten da. Tamalez, berriro ahaztuko dugu ez dugula abenduaren 31n denok urtez aldatzen, bizilagun ditudan txinatarrek kasu; eta arazoak argitu ordez, kaleetan eta gure etxeetan apaingarriak jartzera dedikatuko gara. Inuzente eguna abenduak 28 izatea erabaki zuenak ederki sartu zigun ziria. Opariak jaso edo emateko urtebetetze edo Gabonak arte itxaroten dugun bitartean, denak gara inuzente, egunero. Nik ez dut panpin bat izan nahi. Urte berria ona izan dadin eta jaiak zoriontsuak izan daitezen, balio dezala zutabe honek haur izaten ikasteko; gogoari erantzunez muga eta presa gabe jan, lo eta gozatzeko.