UKML. (G)uda oso bat

Irudi hau bilatu behar izan dut ekainera itzultzeko, uda hasierara.Momentuak izozteko era bakarra omen da argazkiak ateratzea. Atzera begiratzeko ohitura erretrobisoretik eta gidatzean izan ohi dut. Argazki honek, ordea, segundu erdian Alacantera narama, lagun batek euskal preso bat ikusteko ekaineko asteburu batean egindako elkartasun bidaira.40 minutuko bisitarako 1600 kilometro egin genituen. Ez edonola gainera: bidea arintzeko ukelelea, tripazorrien festa bukatzeko patata tortila...Karakolen bidaia ere izan zitekeen, ez abiaduragatik, etxea aldean generamalako baizik.

 

 

3:00tan Benidormen geratzea erabaki genuen. Ez jubilatuekin bingoa ospatzeko, lo beharrak bultzatuta.Butakarik ez, baina pelikula doan: 15minutu generamatzanean autobideko deskantsuguneko aparkalekuan lotan "KRASK!", kopilotoaren kristala hautsi eta poltsa lapurtu ziguten.

 

Lapurraren aurpegi estalia oraindik gogoan dut, tximista baino azkarrago desagertu zen kabroia.Lurra eta autoa kristalez lepo, beldur lurrikara eta blokeoa igarota, kotxeko asegurua eta salaketa tramitatzeko poliziaren zain geratu ginen. Salaketa jarri, egunak argitu arte kristal kolpatuekin gidatzen jarraitzeko itxoin, bisita egin (abenturak eta kalenturak kontatu), Alikanten goiz hartan konponketak egingo zizkigun tailerra topatu eta Euskal Herrira itzuli ginen. Arriskua urruntzeko sei begiekin erne. Gauzak prestatu arren beti dago ezustekoren bat. Eskuak burura eramaten ditu mundua eskuan duela uste duenak.Niri lapurretak ez zidan maitasuna, elkartasuna, bizipoza eta abenturak bizitzeko gosea kendu. Azken finean, askatasuna eta zoriontasuna ez baitira heldu beharreko geltokiak, bidaiatzeko erak baizik.

 

Orain, oporrak aparkatuta, hiru hilabete hauetan egindako bideari begira dihardut. Zer ikusten dudan? Hamaika herri eta irri ezagutzeko eman didan aukera. Zortzi kroniketarako (g)uda oso bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide