Udazkeneko Multimedia Eskolen baitan "Elkarteentzako euskarazko komunikazio gida" aurkeztuko du Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Hitzaldi-tailer formatua erabiliko du hedabideak multimediaren oinarriak plazaratzeko. Hiru herritan egingo dira saioak: Arespalditzan, Laudion eta Amurrion. Astelehenean izango da aurrenekoa, Aiarakoa, hain zuzen. Laudion asteazkenean elkartuko dira Kultu Etxeko Arraño aretoan, eta Amurrion ostegunean (Kultur Etxean). Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira. Saioaren iraupena ordu eta erdikoa da, eta besteak beste, komunikazioaren oinarriak, sare sozialak eta multimediatasuna nola landu ikasiko dute bertaratzen direnek. Gainera, Aiaraldea hedabideak ekoitzitako "Euskarazko komunikazio gida" eskuratzeko aukera izango dute partaideek.