Urduñako Partxis goxoki-dendako jabeak txakurrentzako "aparkalekua" egokitu du. Hormara itsatsitako seinale eta arandela gogor batean oinarritzen da gunea. Sare sozialetan arrakasta izan du ekimenak, hirian atondutako lehen gunea baita. Urduñako Udalak, aspaldi ekin zion txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko zereginari. Itziar Biguri eta Elena Urruela zinegotzien esanetan, udaletik lan talde bat sortu dute Urduñako txakurren jabeekin, eta kontzientziazio kanpaina bat prestatzen ari dira: "Txakurrentzako aparkalekua urduñar baten ekimen propioa izan da. Urduñako udaleko logoarekin eremu gehiago egokitu edo ez aztertzen ari gara. Txakurren jabeekin batera adostu ditugu neurriak". Urtarrilean egingo dituzte jarduera gehienak: "Txakurrak lotuta egon behar direla gogoratzeaz gain, kakak jasotzeko deia luzatzen duen kartela diseinatu du herritar batek".
Txakurrak solte ibiltzeko guneak
Horrez gain, txakurrak solte ibili ahal izateko bi espazio egokituko ditu Urduñako Udalak: "Gune horiek herritarrekin auzolanean atonduko ditugu.Txakurren parkearen montajea ziurrenik urtarrilean izango da". Ildo beretik, adierazi dute, txakurrak dituzten jabe guztiei eskutitz bat bidaliko dietela.