JON LARRINAGA (Lezama, 1991) txirrindulariak Girondeko tourra irabazi du asteburuan. Fundación Euskadi taldean dabil korrika.
Txirrindularekin joan eta mailot horiarekin itzuli zara. Pozik emaitzarekin?
Bai, oso. Lasterketa oso gogorra izan da baina helburua lortu dugu, etapa irabaztea. Sailkapen orokorra ere irabazi dugu. Bigarren etapan eskapada hartu nuen eta helmugan lehenengoa sartzea lortu nuen. Lau egunetakoa izan da lasterketa, Bordel inguruan ibili gara.
Helmuga aurreneko postuan zeharkatzean zer pasa zitzaizun burutik?
Gauza asko, momentu txarretan beti animatu nauen familia. Poz handia hartu nuen, bai nik eta baita taldekideek ere.
Txirrindulari batentzat halako txapelketak zelako prestakuntza dakar?
Abenduan hasi nintzen entrenatzen. Lehen lasterketan Mallorkan izan genuen, han helburuak finkatu eta orain urrirarte halaxe ibiliko gara.
Euskadi Fundazioa duzu taldea. Txirrindulari gisa noiz eta non hasi zenuen ibilbidea?
Aiarako kadete taldean ibili hasi nintzen, Sopelan jubenil kategorian eta amateurko urteak Naturgasen. Profesionaletan hau da nire lehen urtea. Oso pozik nago hasierarekin.
Atzerrian halako lasterketan parte hartzeak leku ezberdinak ezagutzeko parada ematen du?
Bai, baina lasterketan zoazenean ez zaigu horretarako denborarik geratzen, baina polita izaten da.
Txapelketetan sufritu ala gozatu, zer egiten da gehiago?
Sufritu baina gozatu ere. Azken egunetan liderraren mailota eramatea poz ikaragarria da. Sufritu egiten duzu, baina mailota eramateak poza eta motibazioa ematen dizu. Nik ez nuen janztea espero, asmoa esprintean Unai Iparragirre sartzea zen, baina eskapadan sartu eta esfortsu handiarekin baina lortu genuen.
Txirrindularitza zer da banakako ala taldekako kirola?
Talderik gabe ezinezkoa izango litzateke lidertza mantentzea. Egun osoan zehar tiraka eta nire mailota defendatzen ibili ziren, lan oso ona egin zuten haiek ere. Garaipena guztiona da, nik irabazi dut mailota baina haien lanik gabe ezinezkoa izango zen. Etapa lauak direnean taldeak lan gehiago egiten du, txirrindularitza taldeko esfortsua da.
Erlojupekoak, mendiak... zelako etapak dituzu gogokoen?
Lauak. Portu gogorrak ez zaizkit asko gustatzen. Girondeko ibilbidea niretzako perfektua zen, laua eta aldapa gutxiduna.
Datozen aste eta hilabeterako ze helburu duzu buruan?
Datorren asteazkenean Frantziara goaz berriro,lau eguneko beste itzuli batera. Gero, han geratuko gara, bost egunetako beste bira bat egiten. Ideia be3rdina da, etaparen bat irabazi eta sailkapen orokorrean postu ona lortzea.