"Bartolo" ezizenez ezaguna den familia Laudion bizi dela usteta kexak, kezkak eta zurrumurruak hedatu dira herrian. Hainbat bizilagun udalaren webgunera kexak bidaltzeko kanpaina egiten hasi dira.
"Laudion ez dago familia ez arazo hori", argitu du Txari Balado Ongizateko zinegotziak. "Ijito familia bat edo bi daude, baina denbora luzea daramate hemen bizitzen. Ugarten bizilagunekin arazoak egon dira baina ez dira konfliktiboak izan", erantsi du.
Herritarrak zabaltzen ari diren gezurrak direla-eta, kezkatuta dago: "Zabaltzen ari den mezua ez da baikorra. Jendeak udalak etxebizitza eman diola dio, ez da egia. Udalaren pisuak helburu komunitarioetarako dira, elkarteei... uzteko. Ezinezkoa da udalak ijitoei pisua ematea, hori Eusko Jaurlaritzari dagokio". Jendearen beldurra ulertu arren ez dagoela kezkatzeko arrazoirik nabarmendu du.
Gaineratu duenez, edozein familia edo herritar konfliktiboa bada udalak neurriak hartuko ditu: "Denok kontrolatu behar dugu gure portaera, ez bakarrik udalak". Horregatik, kezka edo zalantzaren bat duen herritar orori udalera jotzeko gonbita luzatu dio: "Kultura batzuekiko zurrumurruak areagotu egiten dira. Aurreiritzi negatiboekin dena nahasten dugu. Benetako informazioa jaso eta ematea ez da politikarien ardura bakarrik, bizilagunena ere bada. Datu objetiboekin hitz egin behar da, horregatik onena udalera hurbildu eta Ongizateko arlo buruarekin, alkatearekin edo nahi duzuen pertsonarekin informazioa jaso eta hori ere zabaltzea da. Hobe da egia zabaltzea gezurra baino".