BUSSEIF ELGADDI (Sahara, 1991) "Laudion bizi gara" ekimena antolatzen aritu da azkenaldian. Larunbatean, Laudioko Aldai plazan karpa jarri eta Paraguay, Bolivia, Sahara, Maroko, Euskal Herria, Kuba... herri ezberdinetako ezaugarriak ezagutzeko parada izan zen.
"Laudion bizi gara" lemapean kultura ezberdinen arteko dantza, gastronomia eta ohituren erakustaldia egin zenuten larunbatean. Pozik emaitzarekin?
Oso ondo atera zen, jendea hurbildu zen eta gure helburua bete genuen: bakoitzaren kultura eta pentsamenduak ezagutarazi eta denon artean mundu hobe bat lortzea. Guztiak bildu eta ezagutzeko antolatu genuen jaia. Oso ondo atera zen, kultura bakoitzak bere ekintza eta dantza erakustaldia egin zuen. Udaletxe alboan karpa jarri genuen. Lurralde ezberdinetakoak batu ginen: Paraguayarrak, emakume saharauiarrak, euskaldunak, kubatarrak, marokoarrak... Kultura ezberdinak ezagutzeko aukera izan genuen. Datorren urtean berriro egingo dugu.
Esperientzia interesgarri eta aberasgarria izan zen larunbatekoa. Norbera aberasteko, beste kulturak ezagutzeko.. bakoitzaren pentsamendu, kultura eta ezagupenak elkartrukatzeko balio izan zuen.
Euskaldunak kulturekiko itxiak gara?
Ez, nire ustez irekiak gara. Euskal Herriko jende gehienak kultura eta pentsamenduak ezagutzeko interesa agertzen du. Pena da, baina, larunbateko ekitaldira gazteak ez hurbiltzea, bost axola zaie!
Nolakoa ari da izaten Aiaraldean bizitzen ari zaren esperientzia?
16 urte daramatzat Laudion, Euskal Herrian. Berdin da Amerika, Japonia edo Saharatik etortzea; denbora asko badaramazu hemen bizitzen euskaldun sentitzen zara. Ni euskaldun eta saharar sentitzen naiz. Denborarekin Euskal Herriko kultura ezagutu eta konpartitzen duzu.
Aurrera begira, kulturartekotasuna lantzeko beste ekimenek baduzue buruan?
Udaletxean ez dugu oraindik proposamenik aurkeztu baina jaietan zeozer egingo dugu. Laudion kolektibo bat egingo dugu, kultura ezberdinetakoak harremantzeko. Oraingoz, hiru euskaldun, bi saharar eta bi kubatar ari gara elkartzen. Asmoa lurralde bakoitzeko ordezkariak elkartu eta gauzak egitea da. Izenik oraindik ez dugu baina izena eta logotipoa egiiteko asmoa dugu. Lasai, zuekin kontaktuan egongo gara!