"Hamaika estilo, erritmo eta sentimendu biltzen ditu musika elektronikoak"

IERA GARAIOk (Laudio, 1988) musika elektronikoa ardatz duen Euskrats irratsaioa egiten du Aiaraldea Irratian. 

Nondik datorkizu musika elektronikoarekiko zaletasuna?

IERA GARAIOk (Laudio, 1988) musika elektronikoa ardatz duen Euskrats irratsaioa egiten du Aiaraldea Irratian. 

Nondik datorkizu musika elektronikoarekiko zaletasuna?

Gaztarotik. Betidanik gustatu zait dantzatzea eta erritmo bizia. Gaztaroan gustatu zitzaizkidan bi talde ezagutu nituen: Chemical Brothers eta Prodigy. Hauek entzuten hasi eta 2006an Bartzelonara joan nintzen lagun bat bisitatzen. Bertan, Chemical Brothers zuzenean ikusteko aukera paregabea izan nuen. Ordutik hona musika elektronikoko estilo ezberdinak ezagutu izan ditut, abaniko zabal bat eskaintzen zuela konturatu nintzen. Ez da jende guztiak uste duen bezala "bakalaua". Hamaika estilo, hamaika erritmo eta sentimendu biltzen ditu musika elektronikoak. Musika elektronikoko estilo bakoitzak sentimendu bat sorrarazten dizu. Adibidez, Chill Out musikak lasaitu egiten nau. Eta, drumm and bass musikak mugiarazi; piper bat ipurdian sartzen dit eta ezin naiz geldirik egon. Bainu bat hartzerakoan, bestalde, Downtempo entzuten dut.

Euskal Herrian nolako bilakaera izan du musika estilo honek?

Musika elektronikoa oso zabala da. Euskal Herrian ez dira ematen azpigenero bakoitzeko bilakaera guztiak. Egia da azkenaldian gero eta dj gehiago daudela. Ez diskodantzadunak, haien musika propioa egiten dutenak baizik; ez modako musika jarri. Bilakaera nabarmena izan da. Duela bi aste, esaterako, laudioar dj bat elkarrizketatu genuen irratsaioan, "Livelüla".

Aiaraldeara iritsi al da?

Laudioko Tito Santana-k Drum and bass eta Dubstep estiloak jorratzen ditu. Gero eta trebeagoa dela ikusten da. Iazko Laudioko jaietan txosnetan aritu zen, eta espero dugu aurten ere bere parte hartzea izatea, jai giroa sustatzen baitu. Bera, Jai Alai drum&bass klubeko kidea da.  Amurrioko The budfather ere bertan dago. Duela bi urtetik Jai-alai festa egiten dute, hilabetero emanaldi bat. Atzerriko dj-ak ekartzeaz aparte haien musika ere eskaintzen dute Bilboko Feever diskotekan.

Jende askok uste du musika elektronikoa drogarekin lotuta dagoela...

Denetarik dago, leku guztitan bezala. Musika estilo hau oso martxosoa da, energia asko du. Drogatzea edo ez norbere erabakia da. Musika elektronikoa entzuten duena ez da zertan drogazalea izan behar.

Zer sentiarazten dizu zuri? Ez dizu burukominik sortzen?

Ez, bat ere ez. Arestian esan bezala estiloaren arabera sentsazio ezberdinak sortzen dizkit. Musika elektronikoaz gain beste musika ere entzuten dut: Berri Txarrak, Ekon, Etsaiak, La polla Records, Zea Mays, Sorkun...

Horregatik, musika elektronikoaren abaniko zabala ezagutzeko Euskrats irratsaioa entzutera gonbidatzen zaituztet, astero mundu zabal horren errealitate txiki bat erakusten saiatzen gara-eta. Aste honetan, esaterako, Grime estiloa eman dugu, hip-hop antzekoa. Baliteke, zure gustoko izatea ,baina ezezaguna denez gero saioa entzutea aholkatzen dizuet.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide