Berria egunkariak 10 urte bete ditu. Hori dela-eta, kultur ekitaldi sorta abiatu du Euskal Herrian zehar. Kultur birak musika, antzerkia eta bertsoa izango ditu oinarri. Aiaraldeko irakurle eta Berrialagunak eskertzeko zita ostiralean izango da, 20:00etan Amurrioko antzokian. Bertaratzen direnek "Zertarako Hegoak" antzezlanaz gozatzeko parada izango dute. "Aukera polita da; antzezlana kristorena da. Zatozte hamar urte bete ditugula ospatzera eta ondo pasatzera", adierazi du Jose Angel Aldai Berrialagunen komunitateko kideak.
Aurreratu dutenez, ekitaldiak hiru zati izango ditu. Batetik, Martxelo Otamendik Berriaren aurkezpena eta etorkizuneko erronkak azalduko ditu. Bestetik, 10.urteurrena dela-eta, egin duten bideoa ikusteko parada izango da. Eta, ondoren, "Zertarako Hegoak" antzezlana.
Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak Aiaraldea Irratiko Harian magazineko elkarrizketan kontatu duenez egindako ibilbidearekin oso pozik dago: "Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren herritarrek oso laguntza preziatua eman ziguten; bost miloi euro EKT martxan jartzeko". Geroztik, Berria nazionalaz gain eskualdeka hainbat Hitza sortu dira, baita Herrialdekako astekariak ere. "Webgune sendo bat garatu dugu, hainbat kanal sortu ditugu bertan...", erantsi du. Euskaren munduan aliantza estrategiakoak egin dituzte Hamaika telebistarekin, Irrien Lagunakekin, Nora aldizkariarekin, "jendearen laguntzarekin". Azkeneko urtetan, ordea, krisiak jota aurrera egiteko zailtasunak dituzte. Dena dela, oso pozik eta eskertuta daudela jendearen erantzunarekin nabarmendu du.
Babes "ziztada"
Ziztada kanpainaren ondorioz ia 5000 lagunek Berrialagun izateko konpromisoa hartu dute, komunitatea osatuz: "Bataz beste 10 euroko dirulaguntza ematen digute hilean hurrengo urtetarako. Horrek krisiari aurre egiteko poltsa ekonomikoa ematen digu, hori gabe askoz larriago egongo ginake. Pozik gaude eta oso proiektu interesgarria da".
Euskarazko hedabideak babestea garrantzitsutzat du: "Hedabideek herri bat egin eta desegiten dute. Informazio tresna bat gara, guk euskaraz egiten dugu hori da gure aspaldiko hautua. Komunitate bat sortzen dugu, euskararen normalizazioan lagundu, hizkuntza finkatu... Guretzat hori oso garrantzitsua da". "Hamarnaka kontatzeko" kanpainaren baitan ekitaldi ezberdinen bidez jendeari eskerrak eman nahi dizkiote.
Lau sarreren zozketa
Aiaraldea Komunikazio Leihoak ostiralean Amurrioko antzookian eskainiko den antzezlanerako lau sarrera zozketatuko ditu. Parte hartzeko zozketak@aiaraldea.com helbidera mezu bat bidali behar da.