Santa Marina baseliza konpontzeko obrak abian jarri ditu Orozkoko udalak. Josu San Pedro alkateak azaldu duenez auzolanean egingo dute, duela 30 urte bezala. "Udaletxe guztiak diru barik gaude, baina posible da proiektu batzuk aurrera eramatea denak batera", erantsi du.
Santa Marina aterpe eta ermita bat da, atsedenleku eta aterpetxe funtzioak betetzen dituena. "Lehen apaizaren etxea zen. Duela 30 urte berriztatu zen baina orain apurtzear dago". Haizeagatik eta jendearen erabilera okerragatik apurtu dela-eta, kezkatuta daude orozkoarrak. Haatik, denen artean konpontzea erabaki dute. Horretarako gaur 19:30ean bilera bat egingo dute Orozkoko kultur etxean: "Prozesua nola egin prestatzeko geratu gara, zenbat jende dagoen prest ikusteko, nondik atera dirua pentsatzeko..."
Ekimena herritarrek abiatu dute: "Ez dugu jarri nahi udalaren ezkutua, jendea ez da ausartzen pausoa ematera baina herritarrak dira protagonista. Deialdia udaletxetik egingo dugu. Batzarrak, dirulaguntzak eskatu...". Auzolana sustatzeko dirulaguntzak ekainean sortuko dira, alkatearen arabera. "Adi egon beharko da horiek lortzeko. Kutxen obra sozialak ere badaude. Ez dakit nondik baina moldatuko gara dirua ateratzeko. Hasteko gutxienez bote bat jarri beharko da, baina ea noraino heltzen den".