Goizeko 5:25an sartu da Korrika Urduñako Barrerilla portutik Aiaraldera. Mendatea korrika jaitsi asmoz, jende mordoa elkartu da goian. Hiru minutuko atzerapenarekin baino ez da iritsi euskararen aldeko ekimena Urduñara, inoiz baino puntualago. Urduñako kaleak zeharkatu ostean, Saratxorantz abiatu da. Amurrion, txokolate beroarekin egin diote ongietorria 03:30ean plazan sukaltzen jarri diren AEKko ikasle bolondres batzuek. Baita Urduñako gaztetxean ere.
Emozioa eta poza. Batzuk, Korrikari batzeko zain. Beste batzuk, kilometroak atzean utzita atseden hartzeko premiaz. Izan ere, martxoaren 14an atera zen Andoainetik "Eman euskara elkarri" lema daraman 18.Korrika. Igande honetan iritsiko da Baionara, bienbitartean Euskal Herria puntarik punta zeharkatuko duelarik.
7:30ak inguruan Amurrio utzi eta Larrinbe zein Lezamako maldak igaro ditu lekukoak. Baranbiotik igarota, Altube gainean agurtu dute eskualdeko eragile eta norbanakoek korrika. Ez, ordea, luzerako. Bihar goizaldez 01:30ak aldera Arrankudiaga-Zollotik itzuliko baita, Arakaldo, Areta, Laudio eta Okondo igaro ostean eskualdeko zeharkaldia bukatzeko.
Iñaki Ibarluzea AEKko kideak jendearen harrera beroa azpimarratu du, "oso zaila da hitzez azaltzen, izugarria izan da, hunkigarria". Korrika prestatzeko lan handia egin dutela dio AEKk: "Korrika hasi baino 5-6 hilabete lehenago ibilaldia, lekukoak... prestatzen hasten gara. Jendeak txip hori jarrita du ta guregana etortzen da bila". Haatik, atxikimendu handia duela ekimenak argi du, "jendeak eskaini egiten du bere burua".
Urduñan 10 lekuko banatu dira, eta Amurrion 32. Arespalditzakoek ere parte hartu dute, baina. Aiarako udalak eta Menagaraiko emakume taldeak, esaterako, Larrinben egin dute Korrika. Ibarluzearen esanetan, adin eta jende aldetik argazki anitza utzi du.
Umorea nagusi
Partaideek umore eta aldarrikapenez jantzi dute eskualdea. Horren adibide da mozorro andana: "Spiderman-ez mozorratu den amurrioar batek Barrerillatik Murgiara 40 kilometro egin ditu".