ENDIKA VALLE 18 urteko igerilari laudioarra da (Laudio, 1995). Asteburu honetan Espainiako Open txapelketan parte hartuko du Galizian , 200 metroko modalitatean hain zuzen ere.
Nolakoa izan da igeriketan orain arte egindako ibilbidea?
Nik bost urte nituenetik daramat igeri egiten, txikitatik orain arte geratu barik egon naiz egunero entrenatzen. Gustoko baduzu erraza da.
Txikiak garenean eskolarteko kategorietan aritzen gara. Gero, federatu egiten gara. Infantil mailan hiru urte ematen ditugu, eta ondoren, juniorra, "absoluto joven" delakoa eta absolutu mailan lehiatzen gara.
Igeriketan denborak garrantzia handia du, ezta?
Bai, baina gustoko baduzu ez du garrantzirik. Espainiako txapelketan parte hartzeko minimoak bete behar dira. Igeriketan lau estilo daude, eta nik bizkarrez igeri egiten den 200 metroko sailean hartu nuen parte. 2:06 minututako marka jaitsi egin nuen; 2:04 minutuan osatu bainuen ibilbidea; sailkatzeko soberan. Oso pozik nago emaitzarekin. Oraingo honetan ez da beste aiaraldearrik sailkatu, baina orain arte Ander Sanchez igerilari laudioarra e sailkatu izan da nirekin.
Zenbatgarren aldia da Espainiako txapelketan parte hartzen duzuna?
2007an hasi nintzen eta urtero sailkatu naiz. Aurten ni naiz arabatik sailkatu den bakarra. Gipuzkoan hobeak dira, eta Bidasoa klubetik igerilari dezente joaten dira. Bizkaitarrak ere izaten dira. Asteburu honetako txapelketara jende gutxiago joango da egin beharreko denbora minimoa asko jaitsi dutelako.
Zelako sakrifizioa eskatzen du igeriketan lehiatzeak?
Zer nahi duzun argi izan behar duzu, eta horretarako lan egin. Amaia entrenatzailearekin joango naiz Pontevedrara, Galiziara. Txapelketa honetara olinpiadetan egon den jendea doa, batzuk mundu mailako markak haustea dute helburu. Gu, oso urrun gaude marka horietatik oraindik.