Abian da Aiaraldea Komunikazio Leihoak sustatutako Instituzioen Kontseilua

Azaroaren 9an elkartu zen lehenbizikoz Amurrioko udalbatzan Aiaraldea Komunikazio Leihoak sortutako Instituzioen Kontseilua. Ekimena, Aiaraldea Komunikazio Leihoa kudeatzen duen elkarteak aurrera begira euskararen normalizazioan gehiago eragiteko epe luzerako elkarlan dinamiken sustapenean kokatzen da.

Azaroaren 9an elkartu zen lehenbizikoz Amurrioko udalbatzan Aiaraldea Komunikazio Leihoak sortutako Instituzioen Kontseilua. Ekimena, "Denok daukagu intxaur bat poltsikoan" ekimenaren baitan abiatu zen, Aiaraldea osatzen duten 9 udalekin hitzarmena adostu eta alderdi politiko guztien babesarekin. Antzina bezala, Saraubeko mahaian  alderdi politiko eta udal guztiek euskararen normalizaziorako konpromisoak hartu zituzten, bertan hartzen baiziren eskualdearen inguruko erabaki potoloak. Era berean, eskualdeko euskara eragileekin Euskalgintzaren Kontseilua sortzea ebatzi zen, denen arteko komunikazioa, kordinazioa eta elkarlana bermatu asmoz.

Instituzioen Kontseilua urtean bitan batuko da, eta bertan, alkateez gainera, parte hartu nahi duten alderdi politiko guztietako ordezkariek izango dute ordezkaritza. Kontseiluaren zeregin nagusia euskarazko komunikabideen sustapenerako elkarlana bideratzea izango da. Hala, 2012ko apiriletik azarora bitartean Aiaraldea Komunikazio Leihoak egindako lanaren berri eman zitzaien, aurrera begirako erronkak eta ondo zein gaizki egindako gauzen balorazioa.

Partaidetza handia

Aurrenekoz egindako Instituzioen Kontseiluan alkate eta ordezkari politikoen presentzia handia izan zen. Besteak beste, Itziar Duoandikoetxea (Arrankudiaga-Zolloko alkatea), Josune Irabien (Amurrioko alkatea), Natxo Urkixo (Laudioko alkatea), Josu Artetxe (Aiarako alkatea), Sergio Tato (Okondoko alkatea) eta Agurtzane Llano (Artziniegako alkatea) bertaratu baiziren. Ordezkari politikoen artean EAJko Maider Basterra, Eder Sanchez, Joseba Estiballes, Iñigo Gomez, Agurtzane Llano eta Josune Irabien egon ziren. Bildutik Naiara Merino, Garazi Abrisketa, Mariano Alava, Jabier Bitorika, Natxo Urkixo, Sergio Tato eta Josu Artetxe izan ziren. PPtik Txema Beaskoetxea urduñako zinegotzia hurbildu zen, PSEtik Roberto Gonzalez, Omniatik Jakin Artaraz, Aiara Batuzetik Yaiza Tobar, eta ADIEtik Begoñe Olabarria.

Martxoan egingo dute hurrengo instituzioen kontseilua, 2013ko plangintzaren aurkezpena egin eta instituzioen ikuspuntutik ekarpen edo kritikak jasotzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide