1976ko otsailaren 27an Saharak errepublika independientea aldarrikatu zutenetik 37 urte bete ziren. Hori dela-eta, EAJk elkartasuna adierazi eta egoeraren salaketa egiteko mozioa aurkeztu zuen Laudioko udalbatzan. Alderdi politiko guztiek babestu zuten.
EAJk aurkeztutako mozioan Marokoko erregimenaren polizia-jazarmenak eta giza eskubideen urraketek oraindik ere badirautela Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan salatu zuten: “Egunotan egiten ari da bermerik gabeko epaiketa Rabaten, Gdeim Iziik-eko 24ak taldearen kontra. Aaiuneko kanpamenduaren huste eta desegite basatiaren ondoren atxilotutako sahararren kontra, alegia”.
Hori dela-eta, Saharar herriaren askatasunaren eta giza eskubideen alde Marokoko agintariei giza eskubideen aldeko ekintzaileen kontrako jazarpena eteteko eskatu zuten. Eta, kartzelaratutako preso politikoak askatzea. Era berean, Saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten. Baita Espainiako gobernuari bere jardunean eta Europar Batasunean gatazka konpontzeko prozesuan eragiteko ere.
Herritarrei, ordea, Saharar herriari elkartasuna eta babesa helarazteko deia luzatu diete, “krisi ekonomikoak babesgabetasuna eta ahanztura larriagotu baitu”.
Elkartasun keinuak
Euskal Herrian eta Aiaraldean hamaika dira Saharar herriari elkartasuna adierazteko egindako ekimenak. Horren adibide dira “Oporrak bakean” programa edo RASD elkartekoek oraintsu egindako “Piztu itxaropena” kanpaina. Azken honetan Tindufera bidaltzeko 4000 kilo janari batu dituzte. Euskal Herri mailan 200 tona elikagai bildu dira.