CRISTINA (Orozko, X) Matxintxu emakume taldeko kidea da. Eskualdeko gainontzeko parekidetasunaren aldeko taldeek bezala, martxoaren 8an ez ezik urte osoan egiten dute lan.
Nola eta zergatik sortu zen Matxintxu taldea?
Orozkoko udalaren proposamen gisa sortu zen, emakumeen talde bat sortu nahi zuten. Emakume batzuk bildu, paperak egin eta hala jaio zen 2008an. Funtzionatzen 2009an hasi zen.
Zenbat lagun elkartzen zarete?
Junta zazpi lagunek osatzen dugu, baina 107 bazkide ditugu. Orozko bezalako herri txiki batentzako kopuru polita. Adinari dagokionez jende gazte eta heldua dago, baina gehienak nahiko helduak gara.
Zelako ekintzak antolatzen dituzue?
Arrakasta gehien izan duen ikastaroa hipopresiboarena izan da, gainezka egin digu. Emakumearen botere hartzearen inguruko formakuntza ere egiten ari gara, Emakundek diruz lagundu duena. Otsailaren 16an hasi zen ikastaro hau. Ikastaroak emakumeak bere burua maitatu eta baloratzen ikastea du oinarri.
Berdintasunera heltzeko bidea nori dagokio, zure ustez?
Nire ustez denoi dagokigun lana da. Emakumeari dagokio karrotik tiratzea baina denon artean egin behar dugu bidea. Oraindink emakumea ez dago jendartean aitortuta. Asko lan egiten dugu baina oraindik asko dago egiteko. Horregatik, gure burua maitatu eta aurrera egiteko mezua zabalduko nioke jendeari.