Laudioko udal liburutegian euskarazko haur literatura eskaintza areagotuko du udalak. Fontxo Larrazabal kultura zinegotziak azaldu duenez, umeen liburu eskaera eta erabiltzaile kopurua asko hazi da: "2009an %9 ziren, 2011an %22 eta 2012an %42". Egun, 21.004 liburu daude herritarren eskura, 5684 euskaraz eta 15187 gazteleraz. "Euskarazko literatura %27 da, gaztelerazkoa %72 eta beste hizkuntzetakoa -ingelera batez ere- %1", zehaztu du. Adin tarteari erreparatuta liburuen %76 helduentzako da, umeentzako %24 den bitartean. Horregatik, umeentzako argitalpenak handitzeko beharra dagoela azpimarratu du Larrazabalek. Izan ere, umeen literatura eskaera nabarmen igo da: "Aurten 874 pertsona berri harpidetu dira liburutegian, horietatik 642 umeak. Orain umeak erabiltzaileen %32 dira, lehen %20". Igoera "Bularretik mintzora" kanpainari zor zaiola uste du Larrazabalek.
Erabiltzaileei erreparatuta 3086 bazkide ditu udal liburutegiak. Donazioei dagokionean, aldiz, nabarmentzekoa da aurten 592 liburu berri jaso dituztela, "batez ere umeengandik". Besteak beste, egunkariak, liburuak, dvdak eta aldizkariak eskaintzen dituzte. Iaz, internetdun ordenagailuen zerbitzua jarri zuten eskura, eta 466 lagunek erabili dute.
Inbertsioa
Haatik, euskarazko haur literaturan inbertitzearen aldeko apustua egingo du Laudioko udalak: "Haurren erabilera igo denez, euskarazko liburu eta dvd eskaintza hadnitzeko beharra ikusi dugu.Liburutegia zaharra denez inbertsioak behar ditu, begiratzen ari gara ta ea noraino hel gaitezkeen. Dena den orokorrean dugunarkein pozik egon gaitezke, eta dagoen publikoa mantendu eta eskaintza areagotu". Aurrera begira, umeen gunea egokitzea aulki eta mahaiak areagotu eta koloreztatuz gustatuko litzaieke.
Ikastegia
Ikasgelari dagokionean pertsona baten zaintzapean egotea garrantzitsua dela azaldu du Fontxo Larrazabalek: "Kultur etxeko gela batzuk uzten ziren lehen, baina ikastegi baino txoko izaten bukatu zuten". Leku ezberdinak aztertu dituzte, baina oraindik ez dute lekurik zehaztu.