Atzotik Matias Landaburuko jantokian daude Amurrioko hainbat gazte. Gazte asanbladak egindako deialdiari jarraiki manifestakzioa egin zuten atzo Landazuri etxearen okupazioaren urteurrenaren baitan.Iluntzean Matias Landaburu eraikinaren jantokia okupatu zuten, gaztetxe bilakatu asmoz.
Eguerdian eman du udaltzainen buruak ordu baten buruan eraikina husteko agindua. 45 bat gazte elkartu dira kanpoan egoera salatu eta espazio aske eta autogestionatuen beharra aldarrikatzeko. Ez da ertzainik gerturatu. Gazteek udal ordezkari bat bertaratzeko eskatu dute, eta Eder Sanchez udaleko gazteria zinegotzia bertaratu da. Udalaren aldetik bihar bilera bat egiteko proposatu du arduradunak, eraikina hustu eta alde egiteko baldintzarekin. Izan ere, bi gazte barruan geratu dira. Amurrioko gazte asanbladako kideek bileraren proposamena ondo ikusi dute; publikoa eta irekia izateko aukera eskatuz. Alabaina, haien jarduna bertan egiten jarraituko dutela berretsi dute.
Eder Sanchez zinegotziak udalaren eraikinera baimenik gabe sartu izana leporatu die, "gauzak egiteko modua". Udalak hitz egiteko prestutasuna beti izan duela azpimarratu du, gazteek epaiketak eten arte udalarekin harremanak eteteko hartutako erabakia gogoraraziz.
Gazteak Matias Landaburuko jantokira sartu dira berriro. Okupazioak ekar litzazkeen ondorioak haien gain hartuta, arratsaldean gaztetxea auzolana deitu dute. 18:00etan Gazte asanbladako bilerara gonbidatu dute nahi duen oro.
Matias Landaburuko eraikinaren gela bakarra erabiltzen da gaur egun, Amurrioko patin taldeak darabilena. Eskola bat izaki, areto eta espazio mordoa du barruan.