ASIER AMONDO (Laudio, 1969) AEKko kidea da. Gaur arratsaldean hasiko dute aurtengo Korrikaren aurkezpen bira Laudioko Basalarrina elkartean. Martxoaren 24an Korrika amaitu arte, hamaika ekitaldi izango direla Aiaraldean aurreratu du Aiaraldea Irratiko Harian magazinean.
Zer dela-eta antolatzen du Korrika AEKk?
Korrikak bi helburu ditu. Batetik, euskara sustatzea hizkuntzaren ezagutza eta erabilerak gora egin dezan. Eta, bestetik helburua ekonomikoa. Dirulaguntzen bidez minimoak bermatzen ditugu baina Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian ez gara beharrezkoak ditugun kopuruetara ailegatzen. Ipar Euskal Herrian euskarak ez du ofizialtasunik. Nafarroan ere ez dago dirulaguntzarik, lan guztia irakasle eta bolondresen esku geratzen da. Jende guzti horri laguntza eman eta eskolak ganoraz ematea bermatzeko da beharrezkoa Korrika.
Eman euskara elkarri lemapean egingo da aurtengo edizioa, zergatik?
Zabaldutako espektatiba berrian euskarak erdigunean egon behar duela pentsatzen dugu. Elkarbizitzarako kontzeptuen artean euskara sartu beharko litzateke. Euskarak Euskal Herrian mundu guztiak ezagutu beharreko hizkuntza da, eta denok dugu zer eman. Guk eskolak, Berbalagunak... lantzen ditugu baina bada ekarpenak egin ditzakeen jendea. Euskara elkarri ematea nahi dugu.
Nortzuk omenduko dituzue aurten?
Urtero pertsona edo kolektibo bat ometnzen dugu. Aurten, ikasleak izango dira, AEK eta bestelako euskaltegietako kolektibo handi eta garrantzitsua direlako euskarari azken 30 ureetan emandako ekarpenagatik.
Andoainen hasi eta Baionan bukatuko da. Aiaraldetik noiz igaroko da?
Bi zatitan pasako da, bi egun ezberdinetan. Martxoaren 20an Urduñatik sartu eta Amurriotik Altuberantz egingo du, Durangalderako bidea hartzeko. Urduñara 06:00ak aldera iritsiko da eta Amurriora 7:00etan. Laudiotik martxoaren 21etik 22rako gauean pasako da, 02:30ak bueltan Arrankudiagatik sartu eta 03:30ak inguruan Okondotik Bizkaiara joateko.
Aurten ere izango al da Korrika kulturalik?
Bai, otsailaren 28an Bertsokorrika izeneko ekimena egingo dugu, eskualdeko bertsolari eta AEKko ikasleekin. Martxoaren 19an Korrika Txikia egingo da, oraindik zehazteke dagoen ekitaldi txiki batekin. Martxoaren 22an, behin korrika pasata, Pisukideak antzezlanaren estreinaldia egongo da Laudioko udal lanbide heziketa eskolan. Dena den, herriko jende eta eragile ezberdinekin elkarlanean gauza gehiago aterako direla pentsatzen dut.
Euskara ikasteko eskolak zelako osasuna du eskualdean?
Aurten krisiaren eraginagatik eta hizkuntz politikan aurrerapausu ezagatik jaitsiera nabari da. Dirulaguntzak eta bekak kendu dituzten arren jendeak ikasteko gogoa duela bistan da. Joera horri buelta ematea espero dugu. Dena den, egonkorra da egoera, Aiaraldean leku askotan daude euskaltegi eta Berbalagun bezalako dinamikak. Laudion, Amurrion, Aiaran, Urduñan eta Artziniegan, esaterako, astero ordu batez elkartzen dira talde txikiak mintza praktika egiteko. Helburua jendeak astero bere bizitzako ordu bat euskarari ematea da, jendeak praktikatzeko espazioak falta dituelako.