Natxo Urkixo Laudioko alkatea oso pozik azaldu da pasaden ostiralean Benito Lertxundik eskainitako kontzertuarekin: "Parte hartzea eta kontzertuaren garapena erabateko arrakasta izan da. 775 sarrera saldu ziren, baina gonbidapenak...ez daude kopuru horren barnean". Azaldu duenez, "Madril Arena efektua" dela-eta, larrialdi kasuetan aretoa hustu ahal izateko neurri bereziak hartu dira. Horrek, Granja kiroldegian obra txiki bat egitea ekarri du, ate batena: "Obra hau gabe ezingo liratezke sartu ziren pertsona guztiak egon". Izan ere, Ikuskizun eta Jokoen Sailak eskatzen dituen baldintzak betetzeko kontrol neurriak zorrotzak dira: "Emanaldi osoan zehar bi ertzain egon ziren segurtasun neurriak betetzen ziren edo ez konprobatzeko. Eta, ekitaldiaren amaieran zoriondu egin gintuzten ekintza eta garapenagatik". Larrialdirik balego hustuketa azkar eta egokia aurrera eramateko bi anbulantzia, AEKko bolondresak eta Babes Zibileko taldea bertan izan ziren.
Polemikaz hausnarketa
Benito Lertxundiren kontzertuak alderdi politikoen artean zalaparta handia eragin du. Natxo Urkixoren esanetan, bide horretatik jarraitu behar da, herritarrei kalitatezko eskaintza kulturala eginez. "Antzoki eza ezin da izan basamortu kultural bat izateko arrazoi", erantsi du. Bestetik, komunikabideei polemikaren jarraipena emateaz gain emaitza argitaratzeko eskaera egin die.
Antzokiaren beharra
Herritarrek Laudioko lehentasunak zeintzuk diren erabakitzeko prozesuan epe motzean garatu beharreko egitasmoa zela ebatsi zen antzokiaren eraikuntza. Koldo Zabala kultura zinegotziaren arabera, aukera erreala da eta aurrerapausuak emango dituzte. Adierazi duenez, herritarrei, prentsari, kutlur eragileei eta alderdi politikoei aurkeztu zaie egitasmoa. Orain, zehazteko faseari ekingo diote. "Alderdi politiko ezbedinek bestelako proposamena egiten badute ez dugu saihestuko, baina aurten erabaki beharreko kontua da antzokiarena". Bilduk udaletxearen alboko orubean kulturgunea eraikitzeko proposamena egin zuen duela hilabete batzuk. Horrek, oposizioko alderdiengan kritikak piztu zituen.