AINIZE HERNANDEZ (Laudio, 1976) RASDeko kidea da. Datozen bi asteburuetan Saharara bidaltzeko janari bilketa egingo dute Amurrion eta Laudioko supermerkatuetan.
Zer da RASD elkartea? zertan egiten du lan?
Saharara errepublika arabiar demokratikoaren alde egiten dugu lan, proiektu ezberdinak aurrera eramanez. Garrantzitsuenetakoa "Oporrak bakean" programa da. Urte batzuk daramatzagu ume saharauiarrak uda hemen igarotzeko lanean. Orain eskuartean duguna "Piztu itxaropena" kanpaina da, elikagaien bilketa. Dena den, urtean zehar ere ekimenak egiten ditugu. Urrian zehar Amurrion bideoforum eta hitzaldiak antolatzen ditugu, hango errealitatea ezagutarazteko. Euskal Herri mailan antolatzen diren ekimenetan ere parte hartzen dugu, beti baitago data berezi eta mobilizazioren bat.
Zertan datza "Piztu itxaropena" kanpainak?
Euskal Herri mailan elkarte ezberdinak batzen dituen koordinakundea dago. Hau antolatzen den bederatzigarren karabana da. Bakoitza bere herrietako supermerkatuetan janaria batzeko ekimena da. Eskoletan ere elikagaiak biltzen ditugu karabana berdinean eramateko. Ostiral eta larunbatean Amurrioko Eroski, DIA eta Berria supermerkatuetan egongo gara. Urtarrilaren 25 eta 26an Laudion izango gara, Berria eta Eroskin hain zuzen ere.
Elikagai horiek nola bidaltzen dira Sahararaino?
Janari guztia Bilbon elkartzen dugu normalean. Trailer ezberdinekin eramaten dira Saharara. Hemendik Andaluziara joaten dira, Argeliara pasa eta kanpamenduetara iristen diren arte. Bidai luzea da baina hartzen den guztia heltzen dela ziurtatzen da. Baita Saharako kanpamenduetara heltzen dela ere.
Janariari dagokionez bada preferentziarik?
Bidai luzea egin behar duten janariak direla kontuan hartuta zerrenda bat osatuta dago: indabak, txitxirioak, dilistak, arroza, azukrea, atun eta sardina latak... oso garrantzitsuak dira. Emakumezkoak karroetan konpresak uzten ditugu, beharrezkoak direlako horiek ere.
Elkartasuna ahotan askotan entzuten den hitza da. Aiaraldean hitz bat baino gehiago da?
Nik uste dut elkartasuna bolondreski egiten dugun gauza bat dela. Beraz, bakoitzak daki emateko prest dagoen edo ez. Baina hemen bada elkartasuna, bai. Lau urte daramatzat janari bilketan eta kilo asko hartzen ditugu. Aurten egia da egoera ekonomikoarekin apur bat gutxiago batuko genuela pentsatu dugula. Hala ere, nik jendea ekimenean parte hartzera animatzen dut. Badakit herri honetako jende askoren egoera latza dela; baina hangoan eragin handia du.
Lau urte daramatzazu elikagaiak Saharara eramateko biltzen. Zer dela eta hasi zinen parte hartzen?
Urte askotan hartu izan ditugu umeak udan. Ni beti ibili naiz saltsa batean edo bestean. Umea joan zenean haien egoera hobetzeko zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Haurra ekartzen zuen elkartearekin hitz egin nuen eta parte hartzera animatu nintzen. Ez dit suposatzen lan askorik, gauza konkretuak egiten ditugulako. Eta, uste dut, zerbait egiten dudala egoera hobetzen edo aurrera ateratzen.
Zein da hango egoera?
Ez dira haien herrialdean bizi, Argeliako basamortuan daude. Ez daukate ez ur ez argindarrik, oso egoera latzean bizi dira. Marokok okupatu zuen Espainiaren laguntzarekin Sahara. 30 urte baino gehiago pasa dira ordutik, eta oso egoera prekarioan bizi dira. Borrokan jarraitzen dute, autodeterminaziorako erreferenduma egingo zutela esan zuten, baina aurrerapausu gutxi ikusi dira.