IXONE COLLADO (Orozko, 1993) Orozkoko Gazte Asanbladako kidea da. Herriko kuadrila ezberdinekin batera, gazteak harremantzeko antolatu dituzten topaketak prestatzen dabil.
Kuadrilen arteko topaketa deitu duzue larunbaterako. Zer dela eta?
Gazteen harremanak berreskuratzeko antolatu dugu Kuadrilen arteko lehenengo topaketa. Egitaraua nahiko sinplea da: 16:00etan sokatira egiteko pisaketa egingo dugu, eta ondoren herri kirolak. Amaitzean poteo bat egingo dugu, helburua gazteak batu eta ondo pasatzea delako.
Prestaketa lanetan jende mordoa aritu zarete, ez?
Orozkoko gazte aasanbladatik atera da ideia, baina kuadrilekin batera prestatu dugu. Asmoa, etorkizunean gauzak gazte asanbladak baino kuadrila guztiekin batera antolatzea da. Momentuz, bederatzi edo hamar kuadrila elkartzea lortu dugu. Batzarretara nagusienak etorri dira, baina gaztetxoen kuadrilak 6-7 dira. Orozko izateko kuadrila dezente daude. Denok ezagutzen garenez ondo pasatzea espero dugu; giro polita sortzea.
Etorkizunean ekimena errepikatzeko asmorik duzue?
Lehengo aldia denez badakigu perfekto ez dela aterako. Helburua ez da perfekto ateratzea, elkartu eta giroa sortzea baizik. Horretarako prest gaudenez, hori da gure deia. Etorkizunean topaketak handitzea gustatuko litzaiguke, ekintzak aldatuz. Ikusiko dugu Kuadrilek zer esaten duten eta zertarako prest dauden. Guztien artean erabakiko dugu topaketen bilakaera.