GORKA CHAMORRO (Ugao, 1979) "Euskararen leihoak" ikuskizuneko talde antolatzaileko kidea da. Artearen bitartez euskarara hurbildu dituzte eskualdeko 50 artista. Abenduaren 30ean izango da emanaldia, 19:00etan Amurrio antzokian.
"Euskararen leihoak" emanaldia prestatu duzue. Zerekin egingo du topo bertaratzen denak?
Ordu bat inguruko ikuskizuna izango da eta oso atsegina izango da, oso bisuala. Bideoak egongo dira, baita zuzeneko emanaldiak ere. Alde batetik euskarara animatu ditugun sortzaileak aurkituko dituzue bertan. Eta, bestetik, jada euskaraz aritzen zirenak. Espektakulu osoa izango da, esertzen zaren unetik etenik gabeko sormen espresio ezberdinen nahasketa. Batez ere, euskarari leihoak zabaltzeko ahalegin horretan sortzaileek jarritako puntutxoa da. Sarrerak dagoeneko salgai daude hiru eurotan Urduñako eta Amurrioko kultur etxeetan zein Laudioko Arrañope tabernan.
Eskualdeko artistekin harremanetan jarri zarete. Zelako osasuna du Aiaraldeko arteak?
Oso eskualde sortzailea da, sormen handikoa. Talde mordoa daude; ezagutzen genituenak baino askoz artista gehiago. Ez bakarrik musika munduan, margoan, dantzan.... Haizea Paris flamenko dantzaria, Leire eta Saloa Sanjurjo dantzari modernoa, Ruben Gonzalez zapatila margotzailea... Sorpresa asko hartu ditut. Rubik, esaterako, munduan zehar saldu dituen zapatila oso politak ditu webgunean. Musika munduan dena ikusita dagoela esan daiteke, baina taldeek gauza bereziak prestatu dituzte ekitaldirako. Bideo ekoizleek eta antzezleek ere kristolako lana egin dute, polita geratuko da.
50 pertsona inguruk hartuko dute parte. Hori dena koordinatzea ez da izango erraza,ezta?
Egia esanda ez da erraza, ez. Talde antolatzailera ni pixka bat berandu batu nintzen. Jende asko ez nuen ezagutzen. Musika mundukoak bai, baina margolariak, antzezleak... ez nituen ezagutzen. Harremana eratzeaz gain, zer eta nola egiten duten ikasi dut.
Zer nabarmenduko zenuke Euskararen leihoak ikuskizunetik?
Euskaraz sortzen dutenen leihoa izango dela, eta euskaraz sortzen ez dutenei euskaraz egiteko gonbita. Jai honetan ez bada behintzat aurreratzean hala saiatu daitezen. Euskararen aldeko espektakulua izango da, hizkuntzak historikoki izandako zailtasunak agerian utziko ditu artearen bitartez.